Ikasleek Elikadura Jasangarriari buruzko proposamenak aurkeztu dizkiete udal arduradunei

Cristobal Gamon, Don Bosco, Koldo Mitxelena, Bizarain Ikastola, Langaitz Institutua, Telleri Alde eta San Jose ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak ikasturte honetako Eskolako Agenda 21en azken txanpan aurkitzen dira.

Aurtengoan, eskoletan ELIKADURA JASANGARRIA izan dute ardatz eta elikatzeko ohituren zein osasunaren inguruan jardun dute eskola barruan: hamaiketako egokia egiten duten, behar adina kirol egiten duten, jangeletako menuen ezaugarriak, etab. Horrez gain, hirian elikadurari lotutako hainbat alderdi aztertzeko aukera izan dute (saltokietan, merkatu eta azoketan aurki daitezkeen produktuen ezaugarriak eta jatorria, erosleen ohiturak, taberna, jatetxe eta kafetegietako eskaintza, kirol azpiegiturak erabiltzen dituzten herritarren elikadura arloko ohiturak, ..) eta lortutako emaitzak oinarritzat hartuz, Errenterian hobe daitekeena zer den erabaki dute.

Eskolarteko Forotik Udalbatzara

Maiatzaren 26an ospatutako ikasleen arteko foroan Errenteriako zazpi ikastetxeetako ordezkariak elkartu ziren ikasturtean egindako lanketaren ondorio diren konpromisoen eta Udalari aurkeztu dizkioten eskaeren zerrendak lehenesteko, eta horretaz gain, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala) partaidetza nolakoa izan den baloratu zuten.

Gaurkoan, ekainak 2, berriz, eskoletako ordezkariak Errenteriako udaletxeko Udalbatza Aretoan elkartu dira, ikasturtean zehar elikadura jasangarriaren inguruan egindako ekimenak azaldu eta ikasleen arteko foroan adostutakoaren berri emateko, besteak beste:

  • Ikasleen konpromisoak: ikasleek eta irakasleek hamaiketako osasungarria eta jasangarria egiteko pausoak ematea, ikastetxeetan, elikadurari lotuta, sortzen diren hondakin guztiak gaika sailkatzea eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea, etab.

  • Udalari zuzendutako eskaerak: eragile eta sektore ezberdinek elikaduratik eratorritako hondakinen zati organikoa bereizi eta konpostatzera bideratzeko erraztasunak ematea, herritarrei Errenterian bertan ekoitzitako elikagaien inguruko informazioa ematea eta herriko establezimenduetan kontsumitzeko sentsibilizazio-ekintzak antolatzea, etab.

Amaitzeko, datorren ikasturtean ELIKADURA ETA HONDAKINAK landuko dutela iragarri dute.

Eskola foroan parte-hartu duten ikasleak.
Eskola foroan parte-hartu duten ikasleak.