Mikelazuloren 20 urteak

mikelako logoa 2Sormena, bide eta helburu hartuta iritsi da Mikelazulo Kultur Elkartea bere 20.urteurrenera. Beheko Kaleko 4.zenbakiko euren lokalean, diziplina ezberdinak elkar elikatu dira eta denboraren joanean artista ugariren emanaldien testigu izan dira hango hormak.

“Farre egin, pianoa jo, kitarraz lagundu, kontrabaxuz sakondu, kastañuelaz alaitu, aldamenean margotu, besteak dantzatu…” horrela deskribatzen dute bertako esperimentazioa Mikelazuloko kideek euren webgunean. Kulturaren irakurketa  aktibo eta kritikoa bultzatzen dutela ere nabarmendu dute, “norberekeria agoniko-telebisiboa-paralizatzaileari aurre egiteko bitaminak” eskainiz. Asmo horiekin, esku artean proiekturik ez zaie falta izan: Eztena Teatro Egunak, Lupa dokumentalen erakustaldia, herrien asteak, poesia errezitaldiak, jardunaldiak…

Sorkuntzaren bueltan zabaldu zituzten euren lokaleko ateak eta  herriko kaleetara atera zirela lehenbizi kontatzen dute. Baina ez ziren Errenteriara mugatu, Euskal Herriko beste sortzaileekin ere harremanetan egon direnez etengabe. Beheko Kaletik mundura ere zabaldu direla diote, bai Senegalera eta Ekuadorrera egindako bisitetan eta baita beste kultura batzuetako herritarrekin izandako harremanak medio ere.

Irekia baita Mikelazulo; irekia diziplinei, herriei eta kulturari dagokionez. Eta horrelakoa izango da, librea, gaur, hilak 9, urteurrena ospatzeko egingo duten festa: nahi duenarentzat zabalik eta nahi dutena esateko mikrofono ireki eta guzti. 19:00etatik aurrera Beheko Kaleko 4.zenbakian.