Alkate izendatu berritan Julen Mendozak esandako lehen hitzak Herri Bizian

Pasa den larunbatean, hilak 13, Julen Mendoza izendatu zuten Errenteriako alkate beste lau urteetarako. Izendatua izan ondoren elkartasunaren eta elkarlanaren aldekoak izan ziren bere lehen hitzak. Herri Biziaren webgunean eta Youtubeko kontuan jaso ditugu.

https://www.youtube.com/watch?v=hHKQh-Rn_tA&feature=youtu.be

Mendozak, Pepe Mujicak esandakoak ekarri zituen gogora alkatetza inbestidura saiora, borroka eta humanismoa lotzeagatik Uruguaiko presidente ohiari dion mirespena dela eta. Elkartasunari gorazarre egiten dieten hitzak dira. Mujicaren mezua bere eginez, Mendozak eskerrak eman zizkien herritarrei emandako besarkada, egindako kritika eta erakutsitako maitasunagatik baina batez ere, bidelagun izateagatik.

“Giza duintasunaren alde borrokatuko” zutela nabarmentzeko,  Eduardo Galeanoren hitzak ekarri zituen. Bide horrek ez duela etenik erantsi, eta kausa hori, sigletatik harago doala azpimarratu zuen gehiengo sozial zabalen kausa delako. Horregatik, EH Bildu bere alderdiko kideei eta Erreteria Irabaziz-eko kideei “siglen gainetik” lan egiteagatik eskerrak eman zizkien. Elkarlan hori Errenteriaren historian “mugarri” izango zela ere adierazi zuen.

Bakegintzari dagokionez, legegintzaldi berri honetan akordioak eta adostasunak lortzeko bere nahia agertu zuen eta talde politiko guztiei arlo honetan egindako lanaren aitortza egin zien “erreferente” zirela esanez. Era berean, “esperantza” agertu zuen bide horretatik jarraitzeko. Horrez gain, pertsona guztien “konpromisoa” beharrezkoa zela nabarmendu zuen sufrimenduari amaiera emateko.

Amaitzeko, Mendozak bere bigarren eta azken legegintzaldia izango den honetan daukan “ametsa” kontatu zuen. Bere hitzetan, bada, Euskal Herrian, “masa kritiko bat sakoneko aldaketak eskatzen dituena, eta pertsonen eta herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen duena, eraldaketa sozial eta politiko sakona emateko”. Gehiengo sozial hori ordezkatzen duten indar politikoak badaudela eta larunbatean Errenterian atera zuten argazkia Euskal Herri osoan errepikatzea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen. Izendatu eta berehala, udalbatza osatzen duten beste ordezkarien besarkadak eta bostekoak jaso zituen.