Urteetako arraunkadak omendu dituzte

Gaur jaso du Hibaika Arraun Elkarteak, aurtengo Madalenetako omenduak, ohorezko oroigarria. Arratsaldeko 20:00etan hasi da ekitaldia Niessen Kulturgunean.  Batez ere, azkenengo urteetan, herrian lortutako sustraitzea eta euren traineruen inguruan errenteriarren artean sortutako zaletasuna izan ditu hizpide omenaldian Julen Mendozak, Errenteriako alkateak. Hori, ordea, ez dela “egun batetik bestera” lortzen nabarmendu du. Hala, Errenteriako Udalak, elkarteak, azkenengo urteetan herrian lortutako sustraitzea nabarmentzeaz gain, Hibaikaren ibilbideari gorazarre egin eta kirol balioak zabaltzen egindako ekarpena aitortuko dizkio omenaldi honekin.

Amaia Arzeluzek eta Maika Rodriguezek jaso dute Hibaikaren izenean ohorezko oroigarria eta eskerrak eman dizkiete udalbatzako kideei. Halaber, Hibaika Arraun Elkartea eta hango kideak ere eskertu dituzte “egunero egindako ahaleginagatik” edota “elkarte parekide bat izateko euren ilusioagatik”, besteak beste. Arraun elkartea izango da asteartean 19:00etan 2015ko Madalenei hasiera emango dien txupinazoa piztearen arduradun.

Ekitaldian bertan Susana Ibañez nafarrak ere, Madalenetako kartel lehiaketa ofizialeko irabazlea izateagatik saria jaso du. Oso pozik agertu da “Jaietarako prest!” deituriko bere lanak izan duen arrakastarengatik.