Atlantikoak lotzen dituen herrien arteko topagune bilakatuko da Errenteria datorren astean

Atlantikaldia_Prentsaurrekoa_Donostia

Errenteriako Udalak Atlantikaldia Jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu zuen atzo, hilak 9, Donostian. Irailaren 17tik 20ra ospatuko da, eta udalerria Atlantikoko herrien musika eta kultura topagunea bihurtuko da. Julen Mendoza alkateak aditzera eman duenez, jaialdiaren xedea Errenteriak itsasoarekin izan zuen lotura berreskuratzea eta iazko edizioan bereganatutako izaera propioari jarraipena ematea da.
Irailaren 17tik 20ra Errenteria Atlantikoak lotzen dituen herrien topagune eta eszenatoki bilakatuko da. Horrela eman du jakitera Julen Mendoza alkateak, Atlantikaldia Atlantikoko Herrien Musika eta Kultura Jaialdiaren aurkezpenean. Musika emanaldiak, erakusketak, dantza emanaldiak, hitzaldiak eta hamaika ekimen bilduko ditu Atlantikaldiaren bigarren edizio honek errenteriarren eta bisitarien gozamenerako.

Errenteriak Atlantiko itsasoarekin izan zuen lotura berreskuratu nahiak bultzatu du jaialdiaren antolaketa, horrela azaldu du Julen Mendoza alkateak. “Itsasoak dakarren guztia errenteriarren izaeraren parte da eta horregatik, Atlantikaldia musika eta kultura jaialdiak itsasoari lotuta bizitzen jarraitzen duen herriaren kontzientzia berreskuratzea du helburu.”

Euskal balezaleek,  beste herriekin komunikatzeko pidgin hizkuntzak garatu zituzten, hau da, linguistikoki oso desberdinak diren herrien artean erabiltzen den lingua franca bat.

Horregatik, Atlantikaldiaren aurtengo edizioan, ITSAS ELKARRIZKETAK izango dira oroimen historikoa berreskuratzeko gai nagusia: Euskal Herria nola bizi zen itsasoari begira, herrien arteko harremanak,  elkartrukea eta elkarrizketa,  itsas hizkuntza, …

Modu honetan, Atlantiar Itsasoko beste kulturekin elkarrizketa eta elkarlana emango da aurtengo partaideen artean, ahalik eta elkarrizketa oparo eta aberatsenak sustatuz.

Musika emanaldiak

Laura Landak azaldu bezala, aurtengo edizioan musika mota ezberdinak jorratzen dituzten taldeak ekarri nahi izan dira, ahalik eta publiko zabalenera iristeko. Folka, musika tradizionala, rocka… Atlantikoko txoko ezberdinetako musikariak izango dira gure artean.

Besteak beste, Kalakan (Euskal Herria), Gwana Diffusion (Algeria), La Gallera Social Club (Venezuela), Dobet Gnahore (Boli Kostal), Värttinä (Finlandia) eta Carlos Nuñez (Galizia) izango dira oholtzaren gainean jaialdia ospatzen den udako azken asteburuan zehar.

Igor Otxoa nazioarteko musika alorreko arduradunak adierazi duenez, Atlantikaldia jaialdiaren bigarren edizio honetan zehar, musikariek momentu ahaztezinak eskainiko dituzte eszenatokiaren gainean, musika estilo ezberdinen arteko fusioak sortuz eta, aurtengo gaiari jarraituz, euren arteko ‘elkarrizketa bereziak’ sortuz. Izan ere, estilo ezberdineko hainbat artisten artean egun batzuetako elkarrekiko egonaldia egingo dute, Atlantikaldia jaialdian eta modu esklusiboan eskainiko duten emanaldi berezi hau prestatu ahal izateko. Nabarmentzeko izango dira, Atlantikaldia jaialdiari hasiera emango dion Kalakan eta Dobet Gnahoren emanaldia, besteak beste.

Azkenik, Imanol Otaegi 2016ko Enbaxada ibiltariak programako arduradunak, Atlantikaldia jaialdiak musika eta kultura nazioarte mailan zabaltzeko helburua nabarmendu nahi izan du eta proiektuaren aldeko atxikimendua adierazi du 2016 Fundazioko ordezkari gisa.

 Adin eta jatorri guztientzako jaialdia

Edizio honetan izango diren berritasunen artean, Atlantikoko Usain eta zaporeen merkatua antolatuko da, Errenteriako, Galiziako, Marokoko, Nigeriako eta Kolonbiako produktuak ezagutzeko eta erosteko aukera izanik. Bestalde, umeentzako txokoa izango da Foru plazan kokatua, txikienek ere jaialdiaz gozatu dezaten.
Emanaldi guzti horiek doan izango dira, Atlantikaldiaren baitan antolatzen diren gainontzeko ekitaldi guztiak bezala.

“Irailaren 17tik 20ra Errenteriako ateak zabalik izango ditugu inguruko herrietatik, Euskal Herritik, Espainiar estatutik edo-eta atzerritik etortzen diren guztientzat”, egin du gonbita Julen Mendoza alkateak.

Herri partaidetza, jaialdiaren motorra

Julen Mendoza alkateak nabarmendu duenez, herri partaidetza handia izan da bigarren edizio honetan. “Guztira, 120 proposamen inguru jaso ditugu hainbat eragile soziokulturalen aldetik, bakoitza diziplina eta izaera ezberdinekoa”.

“Eskerrak eman nahi dizkiet, euren inplikazio eta jarreragatik. Ziur gaude urtez urte Atlantikaldiaren eskaintza zabalagoa eta anitzagoa izaten lortuko dugula euren laguntzari esker”.

Zentzu berean, herriko eragileen parte-hartzea beharrezkoa dela nabarmendu du “Atlantikaldia nortasunez janzteko. Herritarrak izango dira jaialdia indartuko dutenak, eta jaialdiaren etorkizuna bermatuko dutenak.”.

Eta bukatzeko, Atlantikaldian izango den Howdy musika talde donostiarren musika emanaldiaz gozatzeko aukera izan da, Atlantikaldian izango denaren aurrerapen gisa.