Juneren Hegoak eguna ospatuko da hilaren 3an

20150928_121842Yoli Martin Juneren Hegoak elkarteko kideak eta Ion Collar kultura zinegotziak Juneren Hegoak eguna aurkeztu dute. Gaixo dauden haurrei eta bere familiei laguntza eskaintzen dien elkartea da Juneren Hegoak, eta duela bi urte baino gehiago sortu zenetik ospatuko duten lehen jaia izango da larunbatekoa.

Jaiak bereziki bi helburu dituela adierazi du Martinek. Batetik, orain arte egindako lana ospatzea; hau da, elkartean parte hartzen duten guztientzat omenaldia izatea. Egun hamar familia baino gehiago dira Juneren Hegoak elkartearen laguntza jasotzen dutenak, eta Martinen esanetan, eurak dira elkartearen “indarra”. Eta bestetik, proiektuan era batean edo bestean lagundu dutenei eskerrak ematea. Zentzu honetan, Martinek aipatu du Errenteria laguntzeko prest dagoen herria dela eta orain arte jasotako babesa handia izan dela.

Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitarte era guztietako ekintzak izango dira Xabier Olaskoaga Plazan. Baina antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute jai honen protagonistak haurrak izango direla. Horrela, pintxo-paella solidarioa, Irrien Lagunak-en ikuskizuna, txokolatada edota tailer ezberdinak izango dira, besteak beste. Era berean, Mindara Elkartea, dibertsitate funtzionala duten pertsonei laguntzeko elkartea, larunbateko gonbidatu berezia izango dela eman du jakitera Martinek.

Juneren_hegoak_kartela