Datorren astetik aurrera “Mitxelenarenak” zine zikloa Niessen Kulturgunean

Kultura 2015-10-22 | 0
Perez, Ruiz de Azua, Muñoz eta Lopez de Etxezarreta gaurko aurkezpenean

Perez, Ruiz de Azua, Muñoz eta Lopez de Etxezarreta gaurko aurkezpenean

Koldo Mitxelena jaio zela 100 urte bete dira aurten. Hori aprobetxatu eta herriko hizkuntzalari ospetsuaren lana berreskuratu eta jakitera eman nahian, “Mitxelenarenak” izeneko zikloa antolatu du Errenteriako Udalak Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean. Gainera, bide berean  Oarso aldizkariko 50. zenbakian Koldo Mitxelenari gehigarri berezia eskaini zitzaiola gogorarazi dute. Garazi Lopez de Etxezarreta artxibo eta liburutegiko zinegotzia, Josean Ruiz de Azua zikloaren koordinatzailea, Elixabete Perez Gaztelu Koldo Mitxelenaren inguruko aditua eta Txema Muñoz zineman aditua izan dira ekimenaren aurkezpenean.

Datorren astelehenetik aurrera eta azaroaren 4ra bitarte Errenteriako zinema adituen eskutik 3 pelikula eta 2 film labur ezagutzeko aukera izango da.  Hain zuzen, Koldo Mitxelenak Egan aldizkarian 1954-1961 urte bitartean kritikatu zituen filmak izango dira. Guztira Koldo Mitxelenak 62 pelikulen kritikak egin zituen, eta horietatik lau aukeratu dituzte. Urriaren 26 eta 28an eta azaroaren 2 eta 4an 19:00etan aurkeztuko dira filmak Niessen Kulturgunean, eta sarrera doan izango da.

Zine adituak

Elixabete Perezek azaldu du filma ikusi eta “lagunarteko” hizketaldi bat egitea dela asmoa. Horretarako egun bakoitzean aurkezle lanetan arituko dira Perez bera, eta Errenteriako zinema munduko izen esanguratsuak, Jose Luis Rebordinos, Txema Muñoz eta Juanmi Gutierrez. Ruiz de Azuak eskerrak eman dizkie horiei azaldu duten prestutasunagatik.

Era berean, Lopez de Etxezarretak jakinarazi du hurrengo urtean, otsaila eta martxoa bitarte, ziklo honi segida emango zaiola Tabakaleran, Euskadiko Filmategiaren eskutik. Eta errenteriari guztiei deia zabaldu die datorren astean abiatuko den zikloan parte hartu eta “momentu on batzuk” pasatzera.

Egitaraua:

  • Urriak 26: El séptimo sello [Zazpigarren zigilua] (1959). Ingmar Bergman
    Aurkezpena: José Luis Rebordinos
  • Urriak 28: Le ballon rouge (1956), Albert Lamorisse – La edad del silencio (1978), Gabriel Blanco
    Aurkezpena: Txema Muñoz
  • Azaroak 2: Las noches de Cabiria (1957), Federico Fellini
    Aurkezpena: Juanmi Gutiérrez
  • Azaroak 4: Rashomon (1950), Akira Kurosawa
    Aurkezpena: Elixabete Perez Gaztelu

 

No comments yet.

Utzi erantzuna