Enplegua sustatzeko tokiko ekintzak

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako diru-laguntza deialdia argitaratu du.  Julen Mendoza Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakari eta Errenteriako alkateak adierazi duenez, deialdi honen helburua eskualdeko langabezia tasari aurre egiteko ekintza desberdinak egitea da. Eta zehazki bi alor landu dira.

Alde batetik, merkatu arruntean kontratazioak sustatuko dira. Horretarako, eskualdeko langabetuak baldintza konkretu batzuetan kontratatzen dituzten enpresei diru-laguntzak bideratuko zaizkie. Honen bidez, guztira hamabost langabetuen kontratazio sustatzea lortu da, gutxienez sei hilabeteko jardunaldi osoko kontratazioarekin.

Beste aldetik, merkatu ez arruntean kontratazioak egiteko egitasmoa jarri da martxan. Kasu honetan, Oarsoaldea Garapen Agentziak egin ditu kontratazioak. Zailtasun bereziak dauzkaten langabetuen kontratazioak, hain zuzen. Egitasmo honen helburua pertsona hauen enplegagarritasuna hobetzea da, interes sozialeko lanak egiteko kontratazio aukera bat eskainiz. Guztira 49 kontratazio egin dira. Horien guztien %40a emakumeak izan dira, %30a RGIa edo DBEa kobratzen dutenak, %15a 55 urte baino gehiago duten langabetuak eta gainerakoak, zailtasun bereziak dauzkaten beste kolektibo batzuetako langabetuak.

Bi egitasmoek Lanbideko diru-laguntza eta eskualdeko lau udalen kofinantziazioa jasotzen dute.