AP-8ko Aginaztegiko tunela itxita egongo da bihar, simulakro bat dela eta

aginaztegi
(Irudia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Europako araudia betetzeko aldizkako simulakroak egin behar dituela 500m baino luzeagoak diren tuneletan. Hori horrela, bihar, azaroaren 20a, AP-8ko Aginaztegiko tunelean egingo da simulakroa eta, beraz, tunela 09:30etik 14:00ak bitarte itxita egongo da Bilboko noranzkoan.

Era berean, aurreikusitako lanak egin ahal izateko, goiz batean, erabat itxi behar da AP-8 autobidea, Bilboko noranzkoan, Oiartzungo lotunetik Astigarragako lotune erdirainoko zatian. Guztira hiru tokitan itxiko da galtzada: Oiartzunen, Donostiako saihesbidetik (GI-20) Bilborako noranzkoko lotunean (AP-8-12-1-E-2); Oiartzungo ordainlekutik AP-8 Bilborako noranzko lotunean (AP-8-12-1-E-1); eta AP-8tik iparraldetik datozen eta Bilboko noranzkoan joango direnen bide nagusian.

Aldundiak ordezko bide gisa Donostiako saihesbidea erabiltzea gomendatu du, Oiartzungo lotunea eta Aritzetako lotune erdiaren artean (GI-20).