Iztieta-Ondartxo auzoa ekintza kulturalez beteko da larunbatean

ADN | Iztieta | Kultura | Partehartzea 2015-12-10 | 0
Iztieta-Ondartxo

Oiartzun kaleko informazio eta parte hartze gunea

“Iztieta-Ondartxo auzo aktiboa”ren baitan egun osoko programazio kulturala eskainiko da hilaren 12an, larunbata. Goizeko 11:00etatik hasi eta arratsaldeko 19:00ak bitarte auzoko gune ezberdinetan bertako eragile, elkarte eta pertsonek nahiz herriko beste zenbaitek ekintza ugari eskainiko dituzte. Adin eta gustu guztietarako jolas, tailer edota ekintzak izango dira.

Egun osoan zehar Iztieta pasealekuan, Lezoko zubiaren inguruan, 40 bat postuk osatutako bigarren eskuko merkatua egongo da. Jatekoa ere ez da faltako eta Nikaraguako, Marokoko, Euskal Herriko eta Nigeriako taloak probatzeko aukera izango da. Era berean, egun osoan zehar haurrentzako jokoak eta puzgarriak egongo dira; baita tailerrak, herriarekin edota inguruarekin zerikusia duten filma biren proiekzioak, dantza ikastaroak edota elkarbizitzarako gimnasioa deituriko gunea Pasaia kalean, besteak beste.

Egun aktibo eta parte hartzailea

Iztieta-Ondartxo auzoan abiatutako ekintza planaren baitan antolatu den eguna da larunbatekoa. Errenteriako Udalak jakinarazi du “egun aktibo eta parte hartzaile” hau hogei bat eragileri esker eramango dela aurrera. Hala nola, merkatariak, alor ezberdineko elkarteak, bestelako eragileak (gimnasioa, dantza taldea) edota norbanakoak.

Gainera, auzoan orain arte eraman den prozesu parte hartzailearen informazio gune izan den Oiartzun kaleko egoitza informazio gune gisa zabalik izango da. Bertan auzoa hobetzeko abiatutako ekintzak proposatzeko edota orain arte auzokideek proposaturikoen gainekoak ezagutzeko parada eskainiko da.

Ekintza guztien ordutegi eta kokapenak biltzen dituen mapa:

Iztieta_ondartxo

No comments yet.

Utzi erantzuna