Mariasun Landa Sarietarako lanak aurkezteko epea zabaldu da

Berdintasuna 2015-12-18 | 0
Mariasun_landa_sariak

Leticia Bermejo eta Garazi Lopez de Etxezarreta, berdintasun teknikaria eta zinegotzia, hurrenez hurren,  edizio berria aurkezten

Seigarren urtez jarri du martxan Errenteriako Udalak Berdintasunerako Kontseiluaren babesean Mariasun Landa Sarien lehiaketa. “Zein da Errenteriako emakumeen ekarpena herriari?“, ekimen honekin galdera horixe luzatzen zaie urtero herritarrei. Gizarteko arlo anitzetan (kultura, hezkuntza, kirola, enplegua…) emakumeek Errenteriari egindako ekarpenen berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritzea da helburu nagusia.

Horrela, ekarpen horiek jasoz herri-kronika osatzeaz gain, emakumeentzat erreferente izango diren emakumeak ikustarazi nahi dira. Hain zuzen, azken hori da Errenteriako Bersintasun Planaren helburuetako bat. Lanak bidaltzeko epea 2016ko urtarrilaren 29an amaituko da, eta Errenteriarko Udalera (erregistrora) helarazi beharko dira.

Sariak

Lehiaketa honen bidez bi sari banatuko direla jakinarazi du Udalak. Alde batetik, “emakumezkoen begirada” lanik onenari saria, emakume batek edo emakumez osatutako talde batek aurkeztutako lanen artean lanik onena sarituko da. Eta bestalde, “emakumezkoei begirada”, gainerako lan guztien artean lanik onena sarituko dute honekin. Bi irabazleek 350€ jasoko dituzte, eta gainera, saritutako lanak 2016ko Oarso aldizkariak argitaratuko dira. Udalak gaineratu du bi irabazleen artean bat gutxienez euskaraz aurkeztutako lana izango dela. Sari banaketa martxoaren 8aren bueltan ospatuko dute.

Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak herritar orori dei egin dio lehiaketan parte hartzeko, eta bereziki emakumeak animatu nahi izan ditu. Lehiaketaren oinarriak hemen aurki ditzakezue.

No comments yet.

Utzi erantzuna