Doaneko ibilaldiak eskainiko ditu Udalak 65 urtetik gorakoentzat

nordic_walking1

Errenteriako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren babesarekin, doaneko ibilaldi osasuntsuak antolatu ditu 65 urtetik gora duten pertsonentzat. Ibilaldi osasuntsu hauek eskiatzeko erabiltzen diren antzeko bastoiak lagunduta egingo dira.

Lau talde antolatu dituzte. Astelehenen eta asteazkenetan Galtzarabodako Udal Kiroldegitik aterako dira eta astearte eta ostegunetan, berriz, Fanderiako Udal igerilekutik. Lau kasuetan irteera ordua 10:30ean izango da. Udalak jakinarazi du jarduera beti egiten dela kanpoan, baita euria ari duenean ere.

Ibilbidea begirale batek dinamizatuko du, eta irten aurretik makilak erabiltzeko teknika azalduko du. Makilak antolatzaileek eurek banatuko dituzte. Arropa erosoa jantzita eta ariketa fisikoa egiteko gogo handiz joatea gomendatu dute.

Izena ematea

65 urtetik gorako pertsona guztientzat doan izango da jarduera, udal kirol instalazioetan abonatuta egon gabe ere. Baina Udalak esan du aurrez izena ematea beharrezkoa dela. Galtzarabordako kiroldegiko harreran (943 44 96 90) edota Fanderiako igerilekuko harreran (943 34 44 23) egin daiteke.