“2016 Bidea” egitasmoaren aurkezpenera gonbidatu dute Errenteria

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak 2016 Bidea egitasmoa jarriko du martxan. Euskal Herria 32 etapatan zeharkatuko dituen ibilbidea da, hain zuzen, 2016 bidea. Sustatzaileen esanetan, bertan euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak bat egiten dute.  Eta egitasmo honen programazio artistiko-kulturala diseinatu eta gauzatzeko, udalerrien parte hartzea eskatu dute antolatzaileek. Bide horretan topaketa antolatu dute urtarrilaren 18rako, astelehena 19:00etan 2016 Gunean (Easo kalea 43, Donostia).

Errenteriatik ere pasako da bidea. Eta horrexegatik beste herri batzuekin batera, Errenteriari ere aurkezpen horretarako joateko deia luzatu diote. Proiektua aurkeztu eta bertan nola parte har daitekeen azaltzeko udaleko ordezkari, teknikari eta herriko kultur eragile eta mendizale elkarteekin elkartu nahi dute.

Topaketara deitutako udalerriak hauek dira: Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Oiartzun, Pasaia eta Urnieta. Eta 1, 23, 24, 31 eta 32 etapak aurkeztuko dira.

Hiria eta mendia

Hiria eta mendia tartekatuko ditu 2016 Bideak. Irteeretan, “naturaz eta kulturaz aldi berean gozatu ahal izango dute ibiltariek”. Izan ere, ibilbidean jarduera kulturalak antolatuko dira, bai hasieran, erdibidean edota amaieran. Martxoa eta urria bitartean gauzatuko da egitasmoa, eta igandero Euskal Herriko txoko ezberdinetatik igaroko da.

Informazio gehiago: dss2016.eu