Euskal Rock & Film jaialdia hasiko da ostegunean Errenterian

Eresbil_aurkezpena
Bagues, Lopez de Etxezarreta eta Collar gaurko aurkezpenean

Ostegunean abiatuko da euskal rocka eta zinema uztartuko dituen jaialdia. Urtarrilaren 21, 26 eta 28an proiektatuko dira euskal rocka ardatz duten dokumentalak.  Eresbilek, Musikaren Euskal Artxiboak, Musika bulegoaren babesarekin eta Errenteriako Udalaren, Oarso Musikaren eta Xera Gastrotekaren laguntzarekin antolatu du. Bi arteak, musika eta zinema, gerturatzea da helburu nagusia Jon Bagues Eresbileko zuzendariaren hitzetan. Gaur aurkeztu du jaialdia Garazi Lopez de Etxezarreta berdintasun zinegotzia eta Ion Collar kultura zinegotziarekin batera.

Guztira hiru dokumental proiektatuko dira Niessen zinemetan 3€ren truke, eta 19:30ean hasiko dira.  Urtarrilaren 21ean Dani Lopezen “Kampsa: 20 años de sueños y escombros” dokumentala proiektatuko da. Urtarrilaren 26ean, Emarock proiektuaren dokumentala. Eta urtarrilaren 28an “Vinyland” dokumentala. Azken egun honetan proiekzioaren aurretik Pettik hiru pieza akustikoz osatutako emanaldi txikia eskainiko du. Gainera, ondoren Xera Gastrotekan dokumentalaren osagarri gisa DJ saioa izango da.

Emarock-en erakusketa

Dokumental zikloarekin batera, Emarock-en dokumentala proiektatuko dela aprobetxatuz, Xenpelar etxean proiektu honi buruzko argazki erakusketa izango da gaurtik aurrera. Musika munduan emakumearen parte hartzea eta ikusgarritasuna lortze bidean lan egiten duen proiektua dela azaldu du Lopez de Etxezarretak.

Errenteriako musika taldeen gida

gidaEra berean, 60.hamarkadatik gaurdaino Errenterian izandako pop-rock taldeen informazioa biltzen duen gidaren berri eman dute gaurko aurkezpenean. Jaialdia egiteko ideia, hain zuzen, gida egiten ari zirela bururatu zitzaiela azaldu du Baguesek. Gida honetan diskoren bat kaleratu izan duten 66 talderi buruzko fitxa agertzen da, biografia txiki bat, argazki bat eta taldearen diskografia. Baguesek esan duenez, uste baino zailagoa izan da gida osatzea, beti ez baita erraza izan beharrezko dokumentazioa aurkitzea.

Baguesek azpimarratu nahi izan du katalogoa ez dela itxia, “eguneratzea eta osatzea beti etorriko da ondo”. Zentzu horretan, herritarren ekarpenak jasotzeko prest daude.

Gida hemen kontsulta daiteke.