Soinu bandez osatutako disko batean parte hartu du Landarbaso Abesbatzak

Amaia Tolaretxipi, Iñaki Tolaretxipi eta Ion Collar gaurko aurkezpenean
Amaia Tolaretxipi, Iñaki Tolaretxipi eta Ion Collar gaurko aurkezpenean

Fernando Velazquez konpositore bizkaitarrak kaleratu duen “Concert Suites/ Music for films” soinu banden diskoan parte hartu du Landarbaso Abesbatzak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Madrilen aurkeztu zuen Velazquezek diskoa duela egun batzuk, eta gaur Errenterian bertan aurkeztu dute Iñaki Tolaretxipi Landarbaso Abesbatzako zuzendariak, Ion Collar kultura zinegotziak eta Amaia Tolaretxipi Juneren Hegoak elkarteko kideak.

Iñaki Tolaretxipi oso pozik agertu da dimentsio honetako proiektu batean parte hartu izanagatik. Azaldu du lehen aldia dela Landarbasok soinu banden proiektu batean parte hartzen duela. Gainera, EOSekin batera eta Velazquezen zuzendaritzapean egin ahal izatea “esperientzia izugarria” dela azpimarratu nahi izan du. Bere iritziz, horrelako proiektu baten parte izateko gonbita “abesbatzak eskaintzen duen kalitate eta lanaren fruitua da”.

Velazquez konpositore ezaguna da eta zinema eta telebistarako soinu banda ugari konposatu ditu, hala nola, El Orfanato, Lo imposible, Zipi y Zape edota Ocho Apellidos Vascos pelikuletako soinu bandak. Konposatu dituen soinu banda horietako batzuk biltzen ditu bederatzi pistaz osatutako diskoak. Irailean grabatu zuten Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan eta Marc Blanesek grabatu, nahastu eta masterizatu zuen.

Juneren Hegoaki ekarpena

Diskoen salmentaren irabazien parte bat Errenteriako Juneren Hegoak elkarteari ematea erabaki du Velazquezek. Bertako kide den Amaia Tolaretxipik esan du detailea “oso emozionantea” izan dela eurentzat. Collarrek gaineratu du, disko hau herriarentzat garrantzitsua dela bi arrazoiengatik. Batetik, Juneren Hegoaki ematen ahal dion laguntzagatik. Eta bestetik, “gure inguruko” disko bat delako. Izan ere, Landarbasoren parte hartzeaz gain, Collarrek ez du aipatu gabe utzi nahi izan Zipi y Zape pelikula Artikutzan, arditurriko meategietan grabatu zela. Eta diskoak film horretakoko soinu banda jasotzen du, hain justu.

Diskoa online erosi daiteke hemen 17 euroren truke.