Urtarrilaren 29an amaituko da VI.Mariasun Landa Sarietarako lanak entregatzeko epea

Itxaro Borda idazleak iazko sari banaketa ekitaldian parte hartu zuen
Itxaro Borda idazleak iazko sari banaketa ekitaldian parte hartu zuen

Oraindik bada aukera VI.Mariasun Landa Sarietarako lanak entregatzeko, datorren urtarrilaren 29an amaituko da epea. Eta Udalak jakinarazi du lanak Udaleko Erregistrora helarazi beharko direla. Errenteriako Berdintasunerako Arloak, Berdintasunerako Kontseiluaren babesarekin, antolatutako ekimena da Mariasun Landa Sariena eta aurtengoa seigarren edizioa izango da. Berdintasunerako Kontseiluak herritar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera, “emakumezkoei deialdi berezia eginez”.

Gizarteko arlo desberdinetan emakumeek Errenteriari egindako ekarpenaren berri emango duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritzea. Horiexek dira ekimenaren helburu nagusiak. Udalaren arabera, sari hauekin emakumeek egindako ekarpenak ikusarazi nahi dira, eta horrela, herri-kronika osatu.

Lehiaketa honen bidez bi sari emango dira. Batetik, emakumezkoen begirada, lanik onena (350€, emakume batek edo emakumez osatutako talde batek aurkeztutako lanen artean lanik onena sarituko da). Eta bestetik, emakumezkoei begirada, lanik onena (350 €, gainerako lan guztien artean lanik onena sarituko da). Bi idazlan irabazleen artean gutxienez bat euskaraz aurkeztutako lana izango da.

Era berean, bi idazlan irabazleak gainera, 2016ko Oarso aldizkarian argitaratuko direla gaineratu du Udalak.

Lehiaketaren oinarriak hemen daude ikusgai.