Hainbat erronka proposatu dituzte Errenteriako igerilekuetan

Galtzaraborda_igerilekuaBeste urte batez “igerilekuko erronka” antolatu du Kirolkide Errenteriak. Probak irauten duen bitartean fikziozko ibilaldi bat egitea da asmoa. Pertsona bakoitzak bere buruari jarritako erronkaren arabera distantzia jakin bat burutu beharko da, eta horretarako azken eguna apirilaren 30a izango da. Antolatzaileen arabera, helburu nagusia erabiltzaileen artean pizgarri txiki bat sortzea da.

Udalak jakinarazi du jarduera doakoa dela abonatuak dauden pertsona guztientzat. Gainera, kirol jarduera hai borondatezkoa da. Parte hartu nahi duen pertsonak Galtzarabordako zein Fanderiako soroslearen mahaian eman beharko du izena. Eta igeri egiten duen egun bakoitzean egindako distantzia jakinarazi beharko dio sorosleari, honek egindako metroen eta falta zaizkionen kontrola eraman dezan.

Kontxako Badiatik

Aurten abiapuntu imajinarioa Kontxako Badia izango da. Apirilaren 30era arte egiten diren luzeen arabera lortuko diren helburuak desberdinak izango dira. Kirolkidek urrutien jarri duen helmuga Santanderreko Sardinero hondartza da, zeina Donostiatik 160 kilometrotara dagoen. Igerilariak aukeratutako distantzia bukatzen saiatu beharko dira, ondoen datorkien egun eta ordutegian.

Helburuak honakoak dira:

  • Erronka 1: Zarautz (15 km)
  • Erronka 2: Mutriku (32 km)
  • Erronka 3: Lekeitio (45 km)
  • Erronka 4: Mundaka (65 km)
  • Erronka 5: Plentzia (90 km)
  • Erronka 6: Laredo (120 km)
  • Erronka 7: Santander (160 km)

Ospakizuna

Erronkaren azken egunean, apirilaren 30ean, jai bat ospatuko dute, eta bertan probaren bat egingo dute igerilekuan. Ondoren diplomak, opariak etab. banatuko dituzte. Kirol Patronatutik nabarmendu nahi izan dute erronkaren aurreko edizioetan adin eta egoera fisiko desberdineko 200 pertsona baino gehiagok hartu zutela parte. Aurten parte-hartze kopuru hori handitu nahi dute.

Reto2016