Mende laurdena beteko du Landarbaso abesbatzak

Landarbaso_25_urte
Larunbatean egin zuten aurkezpena

1991ko urrian sortu zen Errenteriako Landarbaso Abesbatza. Eta aurten mende laurdena beteko duela behar bezala ospatzeko urte osoko egitaraua osatu dute. Larunbatean aurkeztu zuten udaletxeko pleno aretoan. Iñaki Tolaretxipik eman zituen xehetasun guztiak, eta sortu zenetik gaur arte abesbatzako kide izan diren bost lagun izan zituen ondoan. Tolaretxipi  bera ere 25 urtez aritu da Landarbason. Gainerako kideak ere plano aretoan izan ziren.

Egun 45 lagunek osatzen dute Landarbaso, baina urte guzti hauetan 300 pertsona baino gehiago izan dira abesbatzaren parte. 482 kontzertu baino gehiago eskaini ditu denbora horretan, Euskal Herrian, zein hemendik kanpo ere. Nazioarteko 14 sari jaso ditu eta Interkultur agentzia kulturalak munduko 50 talde onenen zerrendan kokatzen du. Bestalde, 8 disko baino gehiagotan hartu du parte, eta horietatik 3 taldearen beraren ekoizpenak dira.

Zenbaki guzti horietatik haratago, Julen Mendoza alkateak egiten duen lanagatik Landarbaso zoriondu zuen. Mendozaren iritziz, 25 urte betetzeak erakusten duen errotzeaz gain, Landarbasok etengabeko hobekuntza izan du. “Ez dio soilik iraganari begiratzen, etrorkizunera begirako proiektua da”.

Egitaraua

Martxoaren 5erako jarri dute lehen zita. Vitoria Eugenia antzokian 20:00etan “Konplize ditut eta” diskoa aurkeztuko dute. Bertan Euskal Herriko hainbat artistek parte hartu dute, hala nola, Mikel Markez errenteriarrak, Iñaki Salvadorrek , Amaia Zubiriak, Golden Apple Quartet taldeak, Xabi Solanok edota Amets Arzallus bertsolariak. Guztira 1000 ale editatu dira eta 15 eurotan jarriko dituzte salgai.

Apirilaren 24an, berriz, Landarbaso Munduan ikuskizuna eskainiko dute Fatima parrokian 19:00etan. Bere 25 urteetan Landarbasok nazioartean ibilbide anitza egin du. Europako hamar herrialdetan izan da eta Asia eta Amerikara ere heldu dira euren ahotsak. Ikuskizun honetan audio eta bideo bidez nazioarteko emanaldi horiei erreferentzia egingo zaie. ·Kontzertua mundura begirako leiho bat izango da”, azaldu zuen Tolaretxipik. Bestalde, maiatzaren 27an Eresbil Euskal Musikaren Artxiboarekin elkarlanean, Musikastean parte hartuko du. Ez Dok Amairu talde mitikoaren hiru obren moldaketen estreinaldia egingo du.

Uztailaren 31n, San Inazio eguna dela eta, EMKEk urtero eskaintzen duen kontzertuan parte hartuko du. 22:30ean Herriko Plazan izango da. Azaroareb¡n 19an ospatuko dute urteko ekitaldi nagusia. Abesbatzan modu batean edo bestean parte hartu duten lagun guztiak gonbidatuko dituzte Fatima parrokiara. 200 koralista eta instrumentista baino gehiago izango dira. Gainera, egun horretan “Landarbaso-25 urte” liburua emango dela jakinarazi zuen Tolaretxipik. Honek 25 urtetako memoria biltzen duen liburua izan nahi du. DVD batek lagunduko du liburua.

Eguberritan, abenduaren 28an, urtero egin ohi duen moduan Fatima elizan kontzertu solidarioa eskainiko du. Abenduan ere, 16tik 20ra Xenpelar Etxean partitura, jantzi eta argazkien erakusketa bat izango da. Herritarrei abesbatzaren “alderdirik intimoena” erakutsi asmoz.

Esker bideoa

Landarbaso abesbatzaren ibilbidea eskertu dute zenbait pertsona ezagunek Abesbatzak berak egin duen bideo batean. Larunbateko aurkezpenean proiektatu zuten: