Galtzarabordako emakumeen aldagelan kamera bat aurkitu zutela salatu dute, baita beste eraso sexista bat ere

Pasa den ostiralean izandako sexu erasoa salatu zuten astelehenean
Pasa den ostiralean izandako sexu erasoa salatu zuten astelehenean

Errenteriako Udalak jakinarazi du atzo Galtzarabordako Kiroldegiko emakumezko erabiltzaile batzuk, bertako emakumeen aldagela batean, kamara mugikor bat ikusi zutela salatu dutela. Udalak uste du “gertaera benetan larria” dela eta udal eraikin batean gertatu den heinean, adierazi du bere eskura dauden neurri guztiak martxan jarriko dituela horrelakorik berriro gerta ez dadin.

Era berean, beste salaketa baten berri ere eman du Udalak. Astelehen arratsaldean emakume batek eraso sexista jasan duela adierazi du, ondoren salatua izan zena.

Erabateko gaitzespena

Bi gertakari horien aurrean Errenteriako Udalak erabateko gaitzespena adierazi du. Gainera, jakinarazi du ikerketak martxan daudela eta euren “indar eta ahalegin guztiak” horretan jarriak dituztela. Aho batez emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera argia erakutsi dute, eta horrelako gertaerak onartzen ez dituztela esan dute. Gaineratu dute lanean jarraituko dutela erakunde, elkarte eta herritarrekin batera emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen.

Erasoak jasandako pertsonen eskura beharrezko baliabide guztiak jartzen dituela eman du aditzera. Era berean, herrian deitzen diren kontzentrazio guztiekin bat egiten duela ere adierazi du.

Pasa den astean ere emakume batek sexu erasoa jasan izana salatu zuen. Astelehenean bertan hamarnaka herritarrek ozen esan zuten eraso gehiago jasateko prest ez daudela. Eta bide berean, Gasteizen indarkeria matxista dela eta izandako erailketa eta erasoa salatu zituzten atzo Niessenen.

Manifestazioa

Eraso sexista horiek ozen salatzeko mugimendu feministak manifestazioa deitu du datorren astelehenerako, otsailaren 1a. 19:00etan Galtzarabordako kiroldegitik abitauko da.

Manifestazioa_eraso_sexistak