Inauteriak direla eta eraso sexisten aurrean jarduteko kanpaina abiatu du Udalak

Kanpainan banatu diren pegatina eta txartelak
Kanpainan banatu diren pegatina eta txartelak

Eraso sexista baten aurrean nola jokatu behar duten jakiteko informazioa eman diete tabernei. Inauteriak direla eta abiatutako kanpaina da. Udalak gogorarazi du batzuetan emakumeek, emakume izateagatik, “gogaitu edo inbaditzen” aritzen diren pertsonei aurre egin behar izaten dietela. Eta gaineratu du jazarpen eta eraso egoerak ere ohikoak izaten direla horrelakoetan.

Udalak uste du tabernak toki aproposak direla sentsibilizaziorako eta errespetuzko eta tratu oneko harremanetarako ekintzan aurrera eramateko. Eta horrexegatik abiatu du kanpaina. Material ezberdina banatu dute tabernetan. Alde batetik, eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa. Bestetik, “Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu, ERANTZUN!!” pegatina. Hau emakumeen komunean eta tabernako arduradunentzat ikusgai dagoen toki batean jartzera gonbidatu dituzte. Lelo berdinarekin egindako txartelak ere banatu dituzte. Tabernariek bezeroen artean banatzeko dira.

Erasoen berri eman

Eraso egoera baten aurrean herritarrak Udaltzainekin harremanetan jartzera gonbidatu ditu Udalak. Izan ere, azaldu dutenez, udaltzainak kanpaina honetan sartuak daude eta egoera hauei aurre egiteko argibideak jaso dituzte.

Jakitera eman dute gizarte zerbitzuak, berdintasunerako azpisaila eta udaltzainak koordinatuta daudela egoera bakoitzean “ahalik eta erantzun egokien eta azkarrena” eman ahal izateko. Udaltzainak, aldi berean, Ertzaintzarekin koordinatuta daude.