Asiar liztorrei aurre eginez

asiar liztorraErrenteriako Udalak 2015eko liztor asiarrei buruzko balantzea egin du. Espezie exotiko eta inbaditzailea kontsideratzen da. Eta Udalak aipatu duenez, asiar liztorra Euskal Herrira heldu zenetik Udalak hauek desagerrarazteko baliabideak jarri ditu. Besteak beste, bertako erleak akabatzen dituela azaldu du, eta honek ondorio negatibo ugari dakartzala. Hala nola, erlezainei eztia egitea galarazten die, erleek egiten duten polinizazioan eragiten du eta egiten duen hozka bertakoarena baino bortitzagoa izan liteke.

Udalaren arabera, oso Udal gutxi dira baliabide propioekin espezie honi aurre egiten diotenak, eta Errenteriakoa horietako bat da. Iaz guztira 10 tranpa jarri zituzten herriko puntu ezberdinetan. Horiekin 523 liztor asiar (erreginak) harrapatu zituzten. Gainera, orotara 40 kabi kendu zituen Udaleko brigadak, aurreko urtean baino 3 gehiago.

Udalak jakinarazi du apirila aldean liztor erreginak berriz hasiko direla habiak egiten eta beste urte batez baliabideak jarriko dituela hori ahal den heinean galarazteko. Bide berean, esplikatu du bi habia mota bereizten direla. Batetik primarioak, eta bestetik, sekundarioak. Lehenengoak txikiak dira eta aterpetan egon ohi dira. Habia sekundarioak, berriz, zuhaitzetan, basoan… eraikitzen dituzte, eta tamaina handikoak izatera iristen dira.

Herritarrei laguntza

Udalak herritarrak gai honekin sentsibilizatzea nahi du. Eta laguntzeko deia luzatu du. Bizilagunen etxetan, aterpean etab. egon ohi diren habiak normalean primarioak direla jakinarazi du. Eta zentzu horretan kolaborazioa eskatu dute. Habiaren bat ikusiz gero, udal zerbitzuetara deitzeko eskaera zabaldu dute. Euren esanetan, “oso garrantzitsua baita habiak kendu eta erreginak harrapatuta zikloa etetea”.