Gazteak lan mundura hurbiltzen laguntzeko Hazilan egitasmoa jarriko dute martxan

Hazilan2Errenteriako, Pasaiako, Oiartzungo eta Lezoko Udalek, Oarsoaldeko Garapen Agentziaren bidez Hazilan egitasmoa abiatuko dute. Helburua langabezian dauden gazteak lan mundura hurbiltzen laguntzea da, beren lan aktibazio eta lan txertaketa bultzatuz. Horretarako prestakuntza saioak eta enpresekin harreman zuzenak sustatuko dituzte. Guztira Oarsoaldeko 20-35 urte bitarteko 210 gaztek parte hartuko dute.

Eusko Jaurlaritzak onarturiko egitasmoa da, Europako Gizarte Funtsak %50ean diruz laguntzen duena, eta Garapenek kudeatuko duena. Guztira 20 garapen agentziek parte hartuko dute. Egitasmoaren aurrekontu totala 6.000.000 eurokoa izango da. Eta eskualdekoa, berriz, 300.000 euro ingurukoa.

Gazteak eta enpresak

Oarsoaldearen arabera, egitasmoaren berritasuna “gazte kualifikatu eta enpresen arteko elkargune” izango dela da. Azaldu du formula ezberdinak eskainiko dizkiela bi aldeei helburua betetze aldera. Hala, aukeratuak diren gazteek hasiera batean 80 ordutako formakuntza praktiko bat jasoko dute gaitasun pertsonal zein profesionaletan. Eta ondoren baliabide ezberdinak eskainiko dizkiete ibilbidea egiten jarraitu ahal izateko, praktikaldia, enpresa batean proiektu zehatz bat egitea etab.

Julen Mendoza Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziaren lehendakariaren eta Errenteriako alkatearen hitzetan, “Hazilanek, gaitasunak eta lan arloan eskarmentu zehatza eskuratzea edo enpresek garatu nahi dituzten egitasmoak burutzea uztartzen ditu”.

Izen ematea eta saio informatiboak

Saio informatiboak antolatu dituzte egitasmo honen xehetasunak azaltzeko. Otsailaren 22tik 26ra bitarte Oarsoaldeak Pasaian dituen bulegoetan (Euskadi etorbidea, merkatuaren eraikina) izango dira saio hauek eta bertaratu nahi dutenek aldez aurretik Oarsoaldeara deitu beharko dute (943 404101).

Egitasmoan izena emateko epea, berriz, martxoaren 2ra artekoa izango da. Apuntatutako guztiekin aukeraketa prozesu bat egingo dutela azaldu dute Oarsoaldeako arduradunek. Eta horretarako elkarrizketa pertsonala eta Curriculuma baloratuko dituzte.