Koldo Mitxelena omentzeko eskultura egiteko lehiaketa publikoa deitu du Udalak

Koldo_Mitxelena_eskulturaIaz Koldo Mitxelena jaio zela ehun urte bete ziren. Testuinguru horretan Errenteriako Udalak herriko hizkuntzalaria omendu eta bere lana balioan jarri eta ezagutzera eman nahi du. Horretarako Mitxelena irudikatuko duen eskultura edo monumentua egiteko lehiaketa publikoa martxan jarri du. Deialdiaren xehetasunak eman ditu goizean Garazi Lopez de Etxezarreta udal hizkuntza politika saileko zinegotziak.

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31n bukatzen da. Lopez de Etxezarretaren arabera, Mitxelenaren fisikoki gerturatze bat izan nahi du monumentu edo eskulturak, “herriko gazteek Mitxelena ezagutu dezaten, izenez haratago”. Halere, azaldu du ez dutela mugarik jarri, eta artistaren esku egongo dela ze itxura edo forma hartuko duen eskulturak. 20.000€ra arteko partida egongo da eskultura egiteko eta irabazleak 2.500€ jasoko ditu.

Era berean, Lopez de Etxezarretak Xenpelar omentzeko egin zen eskultura izan du gogoan. Egun Foru Plazan kokatuta dago eskultura. Hori egiteko orain abiatu den prozesuaren antzerakoa egin zuen Udalak, nahiz eta orduan ideia Xenpelar Bertso Eskolarena izan zen, eta Mitxelenaren kasuan, berriz, Udalak berak egin du proposamena.

Urte amaierarako lana bukatuta

Behin lan denak jasota epaimahaiaren esku egongo da lehen sailkatua hautatzea. Lopez de Etxezarretak esan du epaimahaia oraindik finkatuta ez badago ere, bi artistaz, Lau Haizetarako kide batez eta Koldo Mitxelenan aditua den norbaitek osatuko dutela. Maiatza amaieran lan denak jaso ostean, esleitzea uda aurretik egitea espero du Udalak. Eta artistak abenduaren 31rako amaitu beharko du lana.

Eskultura edo monumentua kokatzeko lekuari dagokionez, Lopez de Etxezarretak adierazi du hainbat leku aurreikusi dituztela, Mitxelena berarekin lotura eduki dezaketenak. Baina ez du ezer aurreratu nahi izan, izan ere, kokapena monumentuaren ezaugarriek eta hirigintza araudiek baldintzatuko dute.

100.urteurrena

Monumentuaren proposamena, ordea, ez da 100.urteurrenaren harira Udalak aurrera eramandako ekimen bakarra. Izan ere, Mitxelenak egindako lana aitortu eta ezagutzera emateko Udalak zenbait lanketa abiatu zituen. Bide horretan argitaratu zuten 2015eko Oarso aldizkariaren Koldo Mitxelenari buruzko gehigarria. Eta Mitxelenarenak zikloak ere testuinguru horretan antolatu zituzten Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean. Lehen zikloa Errenterian bertan egin zuten, bigarrena, aldiz, Donostian, Tabakaleran.

Gainera, Lopez de Etxezarretak jakinarazi du hizkuntzalariari buruzko ipuina ere egiten ari direla, eta hau aurten argitaratzea aurreikusten dutela.

[button link=”http://herribizia.errenteria.eus/app/uploads/sites/2/2016/02/Koldo-Mitxelena-oinarriak.pdf” bg_color=”#e85a07″]Deskargatu lehiaketaren oinarriak[/button]