Boluntarioak behar ditu Dantzagunean egonaldia egiten ari den Eva Guerrerok

Sortutakoak-8-Eva-Guerrero-anotacion7Sortutakoak 8 programako bigarren egonaldia martxo amaieran egingo da Dantzagunean. Eta Eva Guerrero koreografoak beldurra gai nagusitzat duen Anotación proiektuaren fase bat egingo du bertan. Guerrerok mota guztietako pertsonei egindako elkarrizketak hartzen ditu koreografiak egiteko abiapuntutzat. Eta horregatik kamera aurrean galdetegi labur bat erantzuteko prest dauden hamar pertsona boluntarioren bila dabil.

Elkarrizketen grabazioak Dantzagunean egingo dira apirilaren 1ean, ostirala, 11:00etatik 14:00etara. Grabaziok bere ikuskizunean erabiliko ditu Guerrerok, baina grabatua den pertsonak hala nahi badu bere ahotsa soilik erabilita anonimotasuna mantenduko da. Parte hartu nahi duenak martxoaren 25era arteko epea du dantzagunea@gipuzkoa.eus helbidera idazteko.

“Anotación”

Bilboko Azkuna Zentroan Anotación Nº 4 eta Gasteizko Baratza aretoan Anotación Nº 5 aurkeztu ondoren, Eva Guerrerok Julia Färber gonbidatu du Anotación Nº 7n parte-hartzera. Evak eta Juliak elkarri hainbat gutun bidali zizkioten 2015eko urria eta 2016ko otsaila bitartean. Beldurrari eta bakoitzak dituen beldurrei buruz mintzo dira gutunotan, galderak egiten dizkiote elkarri, teoriei buruzko hausnarketak egiten dituzte… Anotación Nº 7 antzokiekin zerikusirik ez duten pertsonei egindako elkarrizketekin osatu nahi dute, zenbait galdera eginda.

Galderak

Hauexek izango dira Guerrerok egingo dituen galderak:

  • Zer da beldurra zuretzat?
  • Zer sentitzen duzu beldurra duzunean?
  • Gorputzeko zein ataletan sentitzen duzu beldurra?
  • Nola gorpuztuko zenuke beldurra/Nola dantzatuko zenuke?