Pikoketaren mozioa eta Gabierrotako aparkalekuaren kudeaketa onartu ziren atzoko plenoan

DSC_0001Ikurrina eta Errepublikako bandera presente izan ziren atzo udaletxeko pleno aretoan. Izan ere, Pikoketa Oarsoaldeko Errepublikaren aldeko Elkarteak mozioa aurkeztu zuen apirilaren 14an Udaletxeko balkoian Errepublikako bandera eta ikurrina jar daitezela eskatzeko. Pikoketako kideak udalbatzaren ohiko osoko bilkuran izan ziren eta eurak izan ziren mozioa aurkeztu zutenak.

Mozioan azaltzen dutenez, Errepublika modernoa nahi dute, “herrien bilakaerari eta errealitateari adi eta etorkizuna hautatzeko eskubidea babestuko duena, eta giza balioak zabaldu nahi dituena”. Horrela, apirilaren 14an “mozioan adierazitako balioen alde askatasuna eta bizitza ere galdu zuten pertsonak gogoratzeko” Errepublikako bandera eta ikurrina Udaletxeko balkoian jartzea onartu zen 18 aldeko botorekin eta EAJren abstentzioarekin.

DSC_0006Ordenantza fiskalen modifikazioak ere onartu ziren atzokoan. Alde batetik, 2016/2017 ikasturteko musika eskolari dagozkon tasak onartu ziren. Eta bestalde, establezimenduak jarri eta irekitzeko tasak %82 jaistea onartu zen.

Gabierrotako aparkalekua

Gabierrotako futbol zelai azpian dauden garajeen kudeaketa enpresa pribatu baten esku zegoen. Atzo kudeaketa Udalaren esku geratzea onartu zen atzo. Horrela, bizilagunen demandari erantzuten zaiola azaldu zuten. Bestalde, PSE-EEk aurkeztutako Gizarte Larrialdiko Laguntzei buruzko mozioa mahai gainean geratu zen bozeramaile batzordean lantzeko.