“Zaintzaileekin lantzen dugu norbere burua zaintzearen garrantzia, nola komunikatu, nola ikasi laguntza eskatzen edota nola ikasi jasotzen”

Nuñez eta Gil Beraungo anbulatorioan
Nuñez eta Gil Beraungo anbulatorioan

Zaintzaileei ikastaroak, hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen dizkiete Marivi Gil gizarte langileak eta Jazmina Nuñez erizanak. Urte batzuk dira zaintzaileen papera ikustaraztetik haratago, zaintzaileek norbere burua zainduz, eta autoestimua edota behar pertsonalak albo batera utzi gabe zaindu dezaten lanean ari direla.

Orain prebentzioa lantzen hasi nahi dute duela gutxi zaintzen hasi direnekin, edota uneren batean zaintzaile izan daitezkeela uste duten emakumeekin. Apirilaren 19an Xenpelar etxean 17:00etatik 19:00etara prebentzio tailerraren hitzaldi aurkezpena egingo dute eraldaketa feministarako eskolaren baitan. Udalak Osakidetzarekin elkarlanean antolatutako tailerra da.

Gilek eta Nuñezek zaintzaren arloan egiten duten lana hobeto ezagutu, eta tailerraren nondik norakoen berri izateko elkarrizketa egin diegu. Zaintzaz, honen ondorio kaltegarriez eta horiek ekiditeko neurriez hitz egin dugu.

Zer suposatzen du menpeko senitarteko bat zaintzeak?

Jazmina: Zaintzaileei beti esaten diegu poz handia ekar dezakeela. Pertsona bat zaintzeak asko eman dezake, baina dena ez da ona. Eta alderdi hori saihesten saiatzen gara. Norbere burua zaintzea, autoestimua, behar pertsonalak… Hori guztia albo batera utzi gabe zaindu behar dela esaten diegu.

Marivi: Geroz eta zaintzaile gizon gehiago daude, baina kultura, erantzukizun, betebehar eta tokatu zaigun rol historikoa dela eta zaintzaile gehienak emakumeak dira. Nire ustez zaintzailea gizona den kasuan, errazago eskatzen du laguntza eta laguntzen ere uzten da. Esfortzua eta inplikazio pertsonala ez da emakumearena bezain emozionala.

Jazmina: Zaintzailaren rola, norbere burua zaindu gabe besteentzat eta besteentzako lan egitea oraindik ere emakumeak hartzen du bere gain.

Horiek dira aipatzen dituzuen ondorio kaltegarriak?

Marivi: Zaintzeak aldaketak dakartza maila pertsonalean, familiarrean, psikologikoan, sozialean eta laboralean. Ez dugu esaten zaintzaren ondorio negatiboak desagertuko direnik, dioguna da bestelako neurriekin aurre eginez, ez direla zertan hain negatibo eta gogorrak izan behar.

Jazmina: Ondorio berak izango ditu. Hau da, zuk norbait zaintzea erabakitzen duzunean, gauza asko utziko dituzu albo batera. Kontua da autoestimua kontuan hartuz, eta zeure erabaki propioz egitea. Betiere zure burua zainduz, eta ez soilik “zure eginbeharra” delako.

Zeintzuk dira proposatzen dituzuen prebentziozko neurri edo erremintak?

Marivi: Zaintzaileekin lantzen dugu norbere burua zaintzearen garrantzia, nola komunikatu, nola ikasi laguntza eskatzen, nola ikasi jasotzen, denboraren kudeaketa, nola mugatu, nola esan ezetz, nola zaindu behar dugun geure burua, nola egin esfortzua denbora izateko edota niregan sinisteko. Kontu guzti horiei buruz hitz egiten dugu. Hizpide izaten ditugu arazoei lehentasunak jartzea, ze gauza baztertu, zer egiten dudan gehiegi, eta zer gutxiegi etab. Bereziki neke fisiko eta emozionala saihesteko zer egin daitekeen hausnartzen dugu.

Ez dugu osasuna zaintzen. Zaintzen ari naizenean diabetes kontrola dudala ahazten dut, lagunekin egotea ere ahaztu egiten zait. Eta nire asebetetze pertsonal eta soziala desagertu egiten da.

Jazmina: Izan ere, momentu horretan betetzen nauen bakarra bestearen zaintza da, ez nire zaintza pertsonala.

Zaintza hitzaldiaZergatik da prebentzioa beharrezkoa?

Marivi: Orain arte anbulatorioko emakume zaintzaileekin edota guregana bideratzen zituztenekin egin dugu lan. Senitarteko baten zaintzan murgilduta dauden emakumeak. Baina orain Garaipenek egiten du lanketa hori emakume talde batekin. Eta hori dela eta, hasi gara gu prebentzio tailerrak ematen. Urratsa pixka bat lehenago emateko. Beharbada zaintzea egokituko zait laster, aitak alzheimerrak duelako, senitarteko helduren bat dudalako, ama gaixo jarri delako… Guk hor egin nahi dugu lanketa eta zaintzen hasiko direnei “kontuz” esan, aurretik aipaturiko neke horretara heldu baino lehen. Zaindu nahi dugunean soilik zainduko dugula esango diegu.

Nori bideratutako tailerra da?

Marivi: Uneren batean zaintzaile izan daitezkeela uste duten emakume hori bideratuta dago tailerra.

Jazmina: Duela gutxi zaintzen hasi direnei, zaintzaren hastapenetan daudenek. Dagoeneko zaintzen ari direnekin bestelako lanketa egin behar baita. Tailer honetan erremintak izendatu eta horiekin lan egin nahi da.

Zergatik da garrantzitsua horrelako ikastaroak eskaintzea?

Marivi: Badirudi bizitzea eta sufritzea egokitu zaigun zerbait dela. Eta hori ikustarazteko lan handia egin behar da. Diru asko gastatzea, esfortzua, denbora, inplikazio emozionala eta nekea ekartzen ditu zaintzeak, eta hori bisibilizatu behar da. Horregatik emakume horiek egiten duten lana aitortzen dute modu honetako tailerrek. Izan ere, egiten duten esfortzua garrantzitsua da ez soilik menpeko senitartekoarentzat, guztiontzat baizik. Zaintzak esparru guztietan eragiten du. Zaintzan aritzen diren emakume guztiek gehiago zainduko ez dutela erabakiko balute, sistema ez litzateke gai izango menpeko pertsona guzti horiek bere gain hartzeko. Eta hori ere aitortu behar den kontu bat da.

Jazmina: Gainera, laguntza onartzen badut, ondo egiten ari ez naizela esan nahi du eta gaizki sentitzen naiz. Erantzukizun, erru eta ukazio horren prozesuaren parte da. Alderdi horiek landu nahi ditugu.

Marivi: Lehenengo saioetan honelako kontuak aipatzen dira: “Eta ni zer? Nire bizitza zaintzari eskaintzen diot, baina konturatzen naiz horrek ez nauela betetzen, maila emozionalean neketsua delako eta pertsona moduan ezeztatzen nauelako. Eta ni zer? Niri nork emango dit laguntza? Non nago ni?” Baina errealitatean besteren laguntza onartzeko zailtasunak dituzte.

Jazmina: Hori guztiari zaintzera behartzen gaituen jendarte honen erruduntasuna gehitu behar zaio. Inguruko denek zera diote: “zure ama gaizki dago, beraz zaintzea egokituko zaizu”. Horren aurka ere egin behar da. Zaintzea onartzen ez baduzu zure bizilagunek gaizki begiratuko dizute, zure seme-alabek “aizu!” esango dizute eta horri aurre egin beharko diozu. Errua beti zaintzaileari egokitzen dio jendarteak. Horregatik hasieratik zaintzailearen papera ikusarazi nahi dugu. Zaintzaileak benetan nahi duelako zain dezala. Etortzen diren askok diote: “Egokitu zaidalako ari naiz zaintzen”. Eta ez, ez da horrela izan behar, zaintzari ere uko egiten ahal zaio. Eta ideia horren bueltan emozio asko azaleratzen dira.

Zaintzailaren lana ez dago baloratuta, aitortuta…

Marivi: Ez da soilik ez dagoela aitortuta, esango nuke gutxietsia dagoela. Zaintzen duzu bai, baina ez duzu lana egiten. “Zer egiten duzu? A, ama zaintzen duzu”.

Jazmina: Etxekoandrea izatea erabaki eta seme-alaben zaintzaz arduratzen den emakumearen kasu bera da. Ez dago baloratua. Jendeak ez daki emakume askok sarri euren lana uzten dutela zaintzen hasteko.

Eta inork ez du baloratzen emakume horrek zuen lana utzi izana bere ama zaintzeko. Ez du inork aintzat hartzen, sistema bera ere ez da baloratzen ari.