Konpostaguneen jarraipen-bisitak burutuko ditu Udalak ostegun honetan

AuzokonpGaztaino600

Aurki bi urte beteko dira Errenterian auzo-konpostaren udal-programa abian jarri zenetik. Une honetan, Agustinetako, Alabergako eta Fanderiako auzokonposta-gune banatan eta Gaztainon, berriz, bitan, ari dira auzoetako hainbat familia euren biohondakinak konpostatzen.

Egungo egoera nolakoa den ezagutu eta konpostaren kalitatea behatzeko, datozen 10 hilabeteetan Udalak kontratatutako Elkarrekin 21 lantaldeak ikuskaritza egingo die gune bakoitzeko konpostagailuei, biohondakinaren eboluzioa eta konpostaren egoera nolakoa den ezagutzeko. Lehen jarraipen-bisitak apirilaren 7an egingo ditu lantaldeak. 09:30etan abiatuko dira Fanderiako gunetik eta honakoa izango da ibilbidea: Fanderia, Agustinak, Gaztaino eta Alaberga. Jarraipen-bisita hau erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzak eta kezkak argitzeko ere baliatu nahi du lantaldeak. Erabiltzaileren batek ikuskaritzako teknikariarekin hitzordua nahiko balu, 628-532-303 telefonora deitu edo whatsApp bat bidali dezake, edo bestela ondorengo epostara idatzi: auzokonpostae@gmail.com.

Ikuskaritza egutegia ezagutzeko edo gaiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko sartu http://ingurumena.errenteria.eus/ webgunean.

Biohondakinaren kudeaketa

Auzokonpostaz gain, Errenterian hondakin organikoak edo biohondakina konpost bihurtzeko beste ekimen batzuk ere abian jarri ditu Udalak:

  • Sanmarko gotorlekuko jatetxeak eta Uztargi Haurreskolak ere, bertan sortzen duten biohondakina konpostatzen ari dira.
  • Hainbat familiek etxean konpostatzen dituzte beraien biohondakinak
  • Hiritarrek ere, euren biohondakinak bildu eta konpostatzeko edukiontzi marroia kokatu da Errenteriako auzo guztietan
  • Ikasturte honetan, Eskolako Agenda 21 programan ari diren eskolek ere bertan sortzen duten biohondakina konpostatzen hasi dira.

Ekimen hauek guztiak, Errenteriako Hiri-hondakinen Prebentzio-planean hartutako konpromisoen eta Europako hondakinen prebentzio eta murrizketarako helburuak lortzeko hasitako bidearen isla dira.