Hibaikak gogor egin du arraun Batel Ligan

Igande honetan, San Juanen, Gipuzkoako Batel Ligako azken jardunaldia jokatu zen. Bertan, domina eta bandera banaketa ere egin zen eta Hibaikak oso emaitza onak eskuratu ditu. Zortzi kategoriatan izan da lehiatzen eta horietatik hirutan lehen postuan geratu da. Hibaikako zuzendaritzak “oso arrakastatsutzat jo du” liga honetako emaitza.

Emakumeak izan dira, bereziki, nabarmendu direnak: promesen, infantilen eta absulutuen (seniorren) kategoriak ligako txapeldun izan dira. Aipagarriena senior mailakoen garaipena da, parte hartu duen estropada guztietan izan baita garaile. Batel txapelketa indartsua da oso, estropada laburrak izaten dira eta normalean ez da alde handirik izaten batel batetik bestera. Aurten, ordea, A taldearen batelak ez du lehiakiderik izan. Eli Pescador, Amaya Gezala, Leire Alcala eta Nerea Orenak, Naroa Galdosen patroi lanaren gidaritzapean, ametsetako denboraldia egin dute.

Kategoria bereko B batelak laugarren postua eskuratu du, San Juango batelarekin berdinduta. Behatz muturrekin ukitu dute domina.

Gizonezkoen mailan ligako erdialdean kokatuta geratu dira batel gehienak.

Zuzendaritzak dio progresio eta ikasketa handia sumatu dutela batelen artean, eta hurrengo urteetara begira lana mimatzen jarraituko dutela emaitzak bistaratze aldera.

Hemendik aurrera Gipuzkoako txapelketa, Euskadiko txapelketa eta Espainiar Estatuko txapelketa datoz eta Hibaikak maila onari eusteko ahalegina egingo du. Aldi berean, trainerila liga ere hasiko da.