Aniztasun kulturalaren festa antolatu zen Koldo Mitxelenan

Joan den apirilaren 23an, Errenteriako Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeko Guraso Elkarteak, lehenengo aldiz, Kultura Aniztasunaren festa antolatu zuen. Ikasturtean zehar, Guraso Elkarteak gaiaren inguruko ekintza desberdinak antolatu ditu: hitzaldiak, kulturen arteko topaketak, … eta lan horri guztiari bukaera ona emateko, festa antolatu zuen. Festaren helburua eskola-komunitateak duen kultura aniztasuna ezagutzera ematea izan zen eta elkarren arteko harremanak sendotzea. Familia askok parte hartu zuen festaren antolaketan.

Goiz osoan zehar ekintza asko izan ziren: ipuin-kontaketa 8 hizkuntza desberdinetan, munduko jolasak eta tailerrak, eta munduko 8 txokoetako pintxo-dastaketa. Jende ugari hurbildu zen eta denek, bai txikiek eta bai handiek, gogotsu parte hartu zuten ekintza guztietan. Giro alaia izan genuen eskolako patioan eta egindako lanaren emaitza islatu zen.