Andra Mari abesbatzak ohorezko oroigarria jasoko du gaur

kartelaUdalak, gaur, hilak 15, Ohorezko Oroigarria emango dio eta omenaldi xume bat eskaini, Madalenetako omenduari: Andra Mari abesbatzari. Ekitaldiari 20:00etan emango diote hasiera Niessen Kulturgunean.

Abesbatza 1966. urtean sortu zen Jose Luis Ansorenaren eskutik eta 50 urteotan, ehunka kontzertu eskaini du. Munduan zehar saritua izan da euren jarduna eta modu honetan, Udalak, Andra Marik urtetan zehar egindako lana saritu nahi du. Era berean, eta omenaldi honetaz gain, beraiek izango dira 2016ko Madalenei hasiera emango dien suziria jaurtiko dutenak.

Ekitaldi honetan bertan, Madalenetako kartel lehiaketa ofizialaren irabazlea izan den Angel Blanco Egoscozabal errenteriarrari emango diote saria.

Ekitaldia irekia da eta Udalak dei egiten die hala nahi dutenei, bertara gerturatu eta omenaldi honetara batzeko.