Pasaiako Badia biziberritzeko funtsezko elementua izango da Lekuona

Lekuona fabrika

Lekuona fabrika birgaitu eta Arte Eszenikoen sorkuntza garaikiderako erreferentziazko zentroa bihurtzeko xedearekin, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errenteriako Udalak 2014ko urrian.
Orain, helburu hori lortzeko bidean, kultura proiektuaren oinarriak jasotzen dituen proposamena aurkeztu dio Udalak Aldundiari, erakunde biak elkarlanean definitu dezaten egitasmoa. “Lurraldeari kultur proiektu eraikitzaile baten aukera paregabea emango dion espazioa sortu nahi dugu, gizartea kohesionatzeko, ongizatea sortzeko eta lurralde-identitatea sustatzeko asmo garbiarekin”, adierazi dute Udaletik .
Udalak proposatutako proiektuaren arabera, ingurumen artistiko eta ekonomikoan txertatuta sortuko da zentro berria, baina Errenteriako mugak gaindituko ditu eta Gipuzkoan kokatuta, Euskal Herri mailako bokazioa izango du.
Hau horrela, Lekuona, instituzio ezberdinetatik bultzatu nahi den Pasaiako Badiaren Biziberritzearekin erabat egokitzen dela ere azpimarratu dute: “Errenteria industria herri izatetik bestelako herri eredu bat izatera pasatzeko aukera paregabea da, beste toki askotan sorkuntza fabrikak izan diren bezala, eta horrek hazkunderako koiunturan jarriko du badia guztia”. Lurralde eremu zabalagoko proiektua izanik, herriko eta inguruko errealitatea eraldatzeko sortuko da, sormen zentroek egin ohi duten moduan.
Gero eta gehiago dira tankera honetako guneen adibideak: Luhusoko (Lapurdi) Harrixuri, Madrileko El Matadero, Bartzelonako Fabra i Coats edo Granollerseko (Bartzelona) Roca Umbert Frábrica de les Arts, Helsinkiko Kaapelitehdas eta Luxemburgoko Kulturfabrik. Eredu hauek aintzat hartuta, Hego Euskal Herri mailako behar bati erantzuna emango dio Lekuonak, ingurunearen ezaugarri, berezitasun eta premietara egokituta.
Bestalde, espazio dinamizatzailea, eragilea eta integratzailea izatearen alde ere lanean ari direla jakinarazi dute. Hau horrela, inguruko sortzaileen beharrak asetzeko proiektua diseinatzen ari dira, bertako errealitatea aintzat hartuko duena, baina Europan dauden beste eragileei begira ere egon daitekeena.
Baliabide fisiko, material eta programatiko guztiak eskainiko dizkie sortzaile hasiberriei, plataforma solidoak eskainiko dizkie eta malgutasuna izango du oinarri: “Argi dugu, gainera, aldaketarako egokitzeko eredu malgua beharko lukeela Lekuonak. Testuinguru aldakor bati zerbitzua eman nahi diogu, denborarekin aldatzen diren premiak dituenari”.