Landarbaso Abesbatza, 25 urte: erakusketa

Landarbaso Abesbatza - IRUDIADagoeneko 25 urte pasa dira Errenteriako etxe bateko sukaldean Landarbaso Abesbatzaren sorreraz hitzegin zenetik. Hasierako garai haietan erein zen haziak eman du fruiturik, batzutan gaziagoa bestetan gozoagoa baina beti loratua.

Landarbaso Abesbatzak 25 urte hauetan kantu korala bultzatu eta zabaldu du. Hasiera haietan Errenterian eta inguruko herrietan gero kontzertuak, jaialdiak eta lehiaketak medio Gipuzkoatik irten eta inguruko probintzietara eman zen jauzia. Hortik Espainia mailan kantatzera, gero Europan barna ibiltzera eta azkenik Amerika eta Asian zehar lehiatzera. Ibilbide oparoa izan da, aberasgarria, bai sariei eta baita ere bidean egindako lagunei dagokionez. Ibilbide honen adierazgarri dira Landarbasok argitaratu dituen 3 diskak eta urte guzti hauek biltzen dituen liburua.

Erakusketa hau aitzakia eder bat duzue, ahaztuta dituzuen oroitzapen haiek freskatzeko, aspaldiko lagunak bertan ikusteko, norbere burua 20 urte gazteago ikusteko edo apenas Landarbaso Abesbatzaz entzun duen hark gu hobeto ezagutzeko.

Hurbildu zaitezte beraz abenduaren 16tik, abenduaren 31a bitarte Errenteriako Xenpelar Etxera, 17:00 – 20:00 tartean han izango gaituzue. Zuen gustokoa izango delakoan, bertan ikusiko dugu elkar.