Gaztelekuak, lagunak egiteko eta gizarte balioak lantzeko

Izuaren Etxeko pertsonaiak.

Gaztelekuak, Gazteria sailak eskaintzen dituen gazteentzako aisialdi espazioak dira; gutxienez 25 urte pasa dira ireki zituztenetik, eta hasieran gehiago baziren ere, gaur egun bi gazteleku daude irekita herrian, bata Beraunen eta bestea Gabierrotan. Arratsaldez irekitzen dituzte, asteazkenetik larunbatera. Egun, Hezizerb Elkarteak kudeatzen ditu. Irekiak dira, eta doakoak.

Gazteentzat topalekua dira, eta beraien adineko gazteekin erlazionatzeaz gain, hainbat proiektu eta ekintza lantzen dituzte hezitzaileekin. Ez dira talde itxiak, norberak nahi adina denbora egoteko aukera du; beti ere, asteazkenetik larunbatera, 17:30-20:30 bitarte. Orokorrean, asteazken eta ostegunetan, bi gaztelekuen artean 25 bat gazte egoten dira, horregatik, egun horietan, hausnarketa edo lan gehiago suposatzen dituzten proiektuak jorratzen dituzte. Ostiral eta larunbatetan bi gaztelekuen artean 60-100 gazte bitarte elkartzera iritsi daitezke.

Batzuk ikastetxean informazioa eskuratu ondoren erabaki zuten gaztelekura joatea. Gazte horietatik bederatzik euren esperientzia eta bizipen pertsonalen berri eman diote Herri Biziari. “Hitzaldi bat ematera joan zitzaizkigun eskolara” diote batzuek. Ikastetxeen sarrera informazioa utzi ohi dutela ere adierazi dute. Gehienak lagunen batekin bertaratzen dira gaztelekuetara, bakarrik joatea ez dela erraza aitortzen dute. Angel: “ni bakarrik etorri nintzen, eta hasiera batean beldurra nuen, ea nola moldatuko nintzen, baina oso gustura nago”.

Gaztelekuan etxean bezala

Izuaren Etxeko lan taldea.

Gazteleku bat edo beste aukeratzeko garaian bizitokiaren edo lagunen baitan egiten dute. Espazio horietan biltzen diren gazteen adin tartea 12-18koa da. Haietako asko ludotekan ibiliak dira 6-12 adin tartean, eta gero, naturalki ematen dute ludotekatik gaztelekurako pausoa. Jagoba horietako bat da, ludotekan hasi eta gaztelekuan jarraitu du: “kalean egin daitezke gauzak, baina hemen familian bezala gaude. Hezitzaileak hezitzaile baino gehiago dira, lagunak dira, anai edo arreba nagusia bezala, garrantzitsuak dira guretzat, eta maite ditugu. Hainbat gazte, kalean ikusita agian ez genituzke agurtu ere egingo, baina hemen lagunak gara. Harremanak egiteko oso leku ona da”.

Naiarak ere argi du: “gazteok lokalak nahi ditugu, eta hemen hori badaukagu, baina gainera baliabideak daude, pin-pon, futbolina eta abar….eta hezitzaileak ere laguntzeko”. “Gu kuadrillan etorri ginen, baina hemen beste kuadrilla batekin elkartu gara”.

Micak dioenez, “lagunekin egoteko modu bat da, etxean sofan botata bakarrik egon ordez; hemen lagunekin egoten gara, eta gustura”. Esaten dutenaren isla da, haietako gehienek hiru urte edo gehiago daramatzatela gaztelekuetara joaten. Gazteok bertaratzen diren kide berriei harrera ona egiten dietela nabarmendu dute hezitzaileek, “errespetua” dago. Eta Naiarak erantsi: “azken batean hau konbibentzia bat da, jakin behar da jendearekin egoten”.

Gaztelekuan sartu orduko futbolina eta ping-pong mahaia ikusten dira. Baina, horiekin jolastea baina askoz gehiago da gaztelekura joatea.
Ikasturtea egutegiaren arabera antolatzen dute, oporraldi edo jaialdi ezberdinekin. Egun bereziak eta haiekin lotutako zeharkako gaiak ere lantzen dituzte; gazteek ere proposatzen dituzte ekintzak, askotan, oporraldietako programaketetarako proposamenak egiten dituzte.

Izuaren Etxeko pertsonaia bat.

Izuaren Etxea prestatzen

Programatutako ekintza finkoen artean, adibidez, ondokoak daude: Birziklatu proiektua, San Markosene proiektua, Izuaren Etxea eta Inauteriak. Horien artean, kuttunena, eta herrian ezagunena, Izuaren Etxea da, zalantzarik gabe. Haren prestaketan parte hartzen duten gazteak 20 bat dira, baina gero, eguna iristen denean Beraungo eraikin horretara bertaratzen direnak 100 baino gehiago izan ohi dira. Elkarrizketatutako gazte taldeak 3 urte daramatza Izuaren Etxearen prestaketa lanetan, baina ekimen hori lehendabizikoz egin zutenetik 6 urte pasa dira.

Prestaketa lanetan gazteen inplikazioa erabatekoa dela diote hezitzaileek, “Izuaren Etxeari buruz beraiek dira adituak, guk baino gehiago dakite” hezitzaileen hitzetan. Prestaketa lanak 3 aste aurretik hasten dituzte. Bilera egin eta lanak banatzen dituzte, bakoitzak pertsonaia bat aukeratzen du, hura interpretatzeko arropa eta bestelakoak bilatu, musika, atrezzoa…..guztia antolatzen dute. Gaztelekuko beste proiektu batzuek ere baliatzen dituzte Izuaren Etxea antolatzeko, esate baterako, Birziklatu proiektuaren baitan hostoak bildu, eta ondoren, Izuaren Etxean zehar barreiatuz berrerabili zituzten. Etxea osatzen duen gela bakoitza atondu, eta bakoitzak dagokion pertsonaia interpretatzen du, beti ere, bertaratzen direnak izutzeko asmoz.

Baina horretara iritsi aurretik beste lan batzuk ere egiten dituzte. 2017an, adibidez, Izuaren etxea antolatzeko, lehenik, tematika aukeratu zuten: sorginak. Hasteko, Euskal Herriko beste hainbat gazterekin, Irisarri herrian antolatu zen jaialdi batera joan ziren, non euskal kulturako aztarnak eta mitologiako hainbat gai landu zituzten. Ondoren, Zugarramurdira bixita egin zuten sorginen mundura gerturatzeko, kobazuloak eta sorginen museoa bixitatu zituzten. Era berean, Irunen ere izan ziren bertako gazteek antolatzen duten antzeko programa bat gertutik ezagutzen, erreferentzia eskuratze aldera. Informazio horrekin osatu zuten arrakastatsua izan zen programa, neguko oporretan 102 gaztek parte hartu baitzuten Izuaren etxean.

Prestaketa lanez gain, zabalkunde lana ere egiten dute gazteek. Horretarako kartelak prestatu eta jartzen dituzte herrian, eta euren sare sozialen bitartez zabaltzen dute ekintza.

Gaztelekutik adinekoen egoitzara, belaunaldi desberdinek elkar ezagutuz

Esan bezala, Izuaren Etxea da ekintzen artean lanik handiena ematen diena, baina ez da bakarra. Badira ikasturtean zehar lantzen dituzten beste proiektu batzuk. Gabierrotan, Birziklapen proiektua jorratzen dute, astero. Beraunen, berriz, San Markosene proiektua dute. Bi astetik behin San Markosene zaharren egoitzara joaten dira. Gazte bakoitzak egoitzako adineko pertsona batekin du kontaktua, eta bi astetik behin ordubetez egoten dira beraiekin. Belaunaldi desberdinek egiten duten elkartrukea ikusgarria dela diote hezitzaileek.

Programatutako ekintzez aparte, beste ekintza solteak, edo beraiek proposatutakoak ere egiten dituzte: orain, adibidez, laburmetrai bat grabatzeko gidoia lantzen ari dira. Horrez gain, mural txikiak egitea, lokaleko aulkiak margotzea, komiki tailerrak eta abar aipatu dituzte egindako ekintzen artean. Eskolako etxeko lanak egiteko ere baliatzen dute espazio hori batzuetan.