‘Errenteria 1936-1945’ argitalpenaren bigarren edizioa prestatzen ari da Errenteriako Udala

Udala hasi da Errenteria 1936-1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan argitalpenaren bigarren edizioa egiteko tramitazioa eta inprimategiekin egin beharreko kudeaketak egiten lehenbailehen ale gehiago banatu ahal izateko. Liburukiak eskuragarri egongo diren datak eta tokiak datozen egunetan jakinaraziko ditu Errenteriako Udalak.

Izan ere, joan den ostiralean aurkeztu zituzten Errenteria 1936-1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan ikerketa eta hori biltzen duten hiru liburukiak. Errenteriako Udalak ikerketaren hiru liburukien 1500na ale inprimatu eta interesa eduki duten herritarrei banatu die. Ale horiek guztiak bi egunetan agortu dira argitalpenak oso harrera ona eduki duelako.

Era berean, argitalpenaren arduradunek gogorarazi dute argitalpena formatu elektronikoan, hau da PDF formatuan, eskuragarri dagoela Errenteria.eus webgunean; zehazkiago, https://errenteria.eus/herria/udal-argitalpenak/ helbidean.

Udalbatzarraren erabakiz, Udalak Aranzadi Zientzia Elkarteari ikerketa egitea eskatu zion Gerra Zibileko eta lehen frankismoko biktimei egia eskaintzeko tresna gisa. Ikerlaria Amaia Rodriguez Oñatibia izan da, Arazadi Zientzia elkarteko historialaria, eta guztira 750 bat orritan jaso ditu ikerketaren emaitzak.

Hiru liburukitan banatu dute informazio guztia.

Hauek dira hiru liburukien indizeak:

Hauek dira hiru liburukien indizeak:

I LIBURUKIA (208 orri)
AURKEZPENA
1. ERRENTERIA ERREPUBLIKA GARAIAN
2. GERRA HASI ZENETIK ERRENTERIA FRANKISTEK HARTU ZUTEN ARTE
3. EMAKUMEEN AURKAKO ERREPRESIO FRANKISTA
4. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

II. LIBURUKIA (300 orri)
1. ERRENTERIARREN AURKAKO ERREPRESIOA LEHEN FRANKISMOAN
2. LEKUKOTZAK
3. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

III. LIBURUKIA (240 orri)
1. IZENAK
2. GIZA ESKUBIDEEN URRAKETA ETA BESTE SUFRIMENDUEN LABURPENA, ZENBAKITAN
3. BIBLIOGRAFIA ETA ITURRIAK

Ikerketa lanean testigantzak jaso dira eta horrekin batera artxibo desberdinak arakatu. Datu batzuk jarraian emango ditugu:

1891 izen eta hauek guztien bibliografia labur bat jasotzea lortu da. Honek hala ere, ez du esan nahi etorkizunean gehiago jasoko ez direnik. Ikerketa honek bizirik segiko du.

Lehenengo liburukian emakumeen aurkako errepresioari eskaini zaio kapitulu bat.

Datu orokorrei dagokienez, 9.000 bat biztanleko herria zen Errenteria. Hauetatik, 862 gudari eta miliziano joan ziren gerrara. Gudulari horietatik 99 gerran hil ziren. Bando frankistak Errenterian erreklutatutako gudularietatik, 51 gerran hil ziren. 274 pertsona epaitu zituzten gerra-kontseilu frankistetan; 20 heriotza-zigor ezarri zituzten eta 8 gauzatu ziren. Gerran judizioz kanpoko 29 fusilamendu izan ziren. Frankisten bandoan 75 preso eta 11 fusilatu izan ziren.

Udaleko 22 langileri espedientea zabaldu zitzaien, Guztira 35 udal langile kaleratu zituzten. 154 haur atzerrian errefuxiatu eta beren familiengandik bereizi zituzten, hainbat kasutan urte luzez. Errenteriako biztanleen erdiak herritik atera behar izan zuten eta ehunka preso egon ziren baldintza eskas eta penagarrietan Langile Batailoietan.