Egitarau berezia izango dute ostiralean hasiko diren Alabergako jaiek

Asteburu honetan izango dira Alabergako jaiak, ostiraletik igandea bitarte. Gainera, aurtengoak bereziak izango dira, 60 urte betetzen baitira auzoaren inaugurazio ofizialaz. Hortaz, 60. urteurrenak presentzia handia izango du festetan.

Nabarmentzekoa, besteak beste, ostiral gauean egongo den rock kontzertua, hiru talde indartsurekin.

Berrikuntzei dagokienez, larunbat goizean kantujira egingo da, auzoan zehar, goiko partetik abiatuta. Igandean, berriz, eguerdian, Inaxio Perurena harri-jasotzailearen erakustaldia egongo da, eta, gainera, errekor berria ezartzen saiatuko da; arratsaldean, aldiz, Ene Kantak taldearen emanaldia haurrentzat.

Horiez gain, betiko arrakastak egongo dira festetan: txapelketa ugari, danborrada, auzo afaria, paella-jatea…

Azkenik, ondo pasatzeaz gain, auzotarrei gonbite bikoitza luzatu nahi diete Jai Batzordetik: asteburuan 60. urteurreneko kamiseta janztea eta balkoiak jaietako banderolekin apaintzea.

Festetako egitaraua:

Ostirala, maiatzak 24

-17:30: Txan magoaren emanaldia auzoko plazan. Ondoren, txikientzako askaria, Pizza Sprinten eskutik.

-19:30: Txupinazoa (auzotar beterano baten eskutik, 60. urteurrena gogoan) eta buruhandien irteera.

-20:00: Pintxo potea auzoko plazan, Uriñaren eskutik.

-23:00: Kontzertua plazan: The bobby´s, Hyronika eta Josetxu Piperrak and The Riber Rock Band. Ondoren, DJ KRaSh!

Larunbata, maiatzak 25

-11:30: Kantujira auzoan zehar Beraungo koru herrikoiarekin eta Parrandango taldeko trikitilariekin.

-12:00: Txingak, toka eta bote txapelketa plazan.

-12:30-14:30: Puzgarriak plazan.

-13:00: Penalti txapelketa plazan.

-13:30: Patata tortilla txapelketa. Ondoren, tortillen dastaketa eta goizeko txapelketen sari banaketak.

-16:30: Aparraren festa garajeen plazan.

-17:30-19:30: Haurrentzako ekintzak plazan (egurra, aurpegi margoketa), eta puzgarriak (surf taula eta guzti!).

-18:00: Perkusio tailerra plazan.

-18:30: Txikientzako askaria, Telepizzaren eskutik.

-19:30-21:00: Matraka elektrotxarangaren emanaldia.

-21:00: Auzo afaria plazan Super Amararen eskutik.

-00:00: Musika eta dantza DJ Ekaitzekin.

Igandea, maiatzak 26

-09:00: Txistularien diana.

-11:00: Meza auzoko hilen omenez.

-12:00: Haur danborrada. Deiadar txarangak lagunduta, eta Lapurdiko Pizzaren hamaiketakoarekin.

-12:30: Bola-joko txapelketa plazan.

-13:00: Inaxio Perurena harri-jasotzaile handiaren erakustaldia plazan.

-14:30: Paella-jate herrikoia plazan.

-16:30: Haurrentzako marrazki lehiaketa.

-17:30: Haurrentzako emanaldi musikala plazan: ENE KANTAK.

-18:30: Txokolate-jatea, Geza eta Gazia gozodendaren eskutik, eta marrazki lehiaketaren sari banaketa.

-19:00: Buruhandien irteera+SORPRESA ERRALDOIA!

-19:30: Jaiei amaiera emateko… traka ederra!