Otxote topaketa ospatuko dute igandean

IX Errenteria Hiria Otxote Topaketa izango da igandean, Niessen elkarteak antolatuta. Bertan sei otxotek hartuko dute parte:

  • Lur Maitea (Bilbo)
  • Txorbela (Arrasate)
  • Enara (Baiona)
  • Karnaba (Errenteria)
  • Ozenki (Donostia)
  • Nayade (Irun)

Haietatik bi, Enara eta Nayade, emakumeek osatutakoak dira. Horren harira, aurkezpenean azaldu dute zaila dela otxoteak topatzea, zoritxarrez ez daudelako asko, eta are zailagoa emakumezkoen otxotxeak aurkitzea.

Topaketa eguerdian hasiko da, Maria Magdalenaren basilikan eskainiko duten kontzertuarekin. Doakoa izango den emanaldi horretan hiruna abesti kantatuko ditu otxote bakoitzak. Ondoren, 13:30ean tabernaz taberna abiatuko dira: Gamon 14, Maite, Leku Zaharra, Sindikato, Cyne eta Juli tabernetan barrena. Horiei eskerrak eman dizkiete aurkezpenean eta aipamen berezia egin diote Errenteriako merkatuari, haiek emango baitiete bazkarirako janaria.

Euskal Herrian Otxote topaketak hiru tokitan soilik egiten direla adierazi du Karnaba otxoteko kide den Alberto Mendigutxiak: Barakaldon, Kanbon eta Errenterian. Beraz, topaketa hau bitxia eta herrikoia dela azaldu du, herrikoa.

Aurtengo topaketan Jose Luis Ansorena gogoratuko dute, kanturako herrian sortu zuen zaletasunarengatik.