Bandaren musikarekin gozatzeko aukera hirukoitza egongo da datozen asteotan

Herriko Musika Bandak hiru kontzertu eskainiko ditu datozen asteotan, Madalenak eta San Inazio Eguna direla eta. Emanaldi herrikoi, parte hartzaile eta dibertigarriak izango direla adierazi dute elkateko arduradunek, eta uztailaren 22, 25 eta 31n izango dira.

Madalen kontzertu nagusia

‘Madalen kontzertu nagusia’ eskainiko dute uztailaren 22an, astelehena, 12:30ean, Foru plazan, Alain Ayerdi Gurpegiren zuzendaritzapean. Obra klasikoak eta garaikideak tartekatuko dituzte entzulego zabalari zuzendutako kontzertu horretan: Vilaplana konpositorearen lanak, Melvin Shelton-en ‘Basque Rapsody’, Carlos Marquesen ‘God save the queen’… Bukaeran Xanti eta Maialen batuko zaizkie elkarrekin ‘Errenteriako Diana’ eta ‘Zentenarioa’ dantzatzeko. Gainera, sorpresa bat ere egongo dela adierazi dute.

EMKE Dancing Show Band

Musika Banda Dancing Show Band bilakatuko da Madalenen bukaerako kontzertuan, eta Luis Mari Moreno “Pirata”k eta Elisa di Prieto abeslari sebillarrak parte hartuko dute. Emanaldia 22:30ean izango da Zumardian eta Carlos Rodriguez Albisturrek zuzenduko du. Bertan abesti ezagun eta dantzagarriak joko dituzte, besteak beste, euskal musika, ABBA, Aretha Franklin, Blues Brothers, AC / DC, Kortatu… Honako hontan ere Xanti eta Maialen bertaratuko dira ‘Errenteriako Diana’ eta ‘Zentenarioa’ denekin batera dantzatzeko.

San Inazio kontzertua. ‘Herri ahotsa’

Uztailaren 31n, asteazkena, San Inazio kontzertua eskainiko du Bandak 22:30ean, Herriko plazan. Aurten bertako hainbat abesbatza herrikoirekin batera eskainiko dute emanaldia: Coro Popular Beraun, Garrintzi, Kaxkabeltz, Telleri Alde, Beti Bizkor, Adaxka, San Agustín, Errenteriako Kantujira eta Gazte Kemena.

Abesbatzetako 120 bat pertsonak hartuko dute parte, eta entzuleek ere abestea da ideia. Horretarako abestien letrak paretan proiektatuko dituzte.

Euskal musika eta konpositoreen ibilaldi zabala eskainiko dute kontzertuan, besteak beste: Aita Donostia, Sorozabal, Mikel Laboa, Benito Lertxundi…
Garaiz iristea da eman duten gomendioa, batez ere kontzertua eserita entzun nahi dutenentzat, plaza lepo egotea aurreikusten baitute.

Kontzertu hau Alain Ayerdi Gurpegik zuzenduko du.