Duintasuna elkartea omendu dute bere konpromisoa dela-eta

Ohi moduan, Madalenak hasi baino lehen jaso dute jaietako omenduek beraien aitortza. Atzo, hilak 20, hartu zuen Duintasuna elkarteak bere konpromisoagatik Udalak emandako ohorezko oroigarria, Oihane Yustos kazetariak aurkeztutako ekitaldian, Niessen Kulturgunean.

Ereintza taldeko dantzariek eman zioten hasiera ekitaldiari, eta, ondoren Madalenetako kartel lehiaketa ofizialeko irabazleari eman beharreko sariaren tartea iritsi zen. Tamalez, aurtengo kartelaren egilea den Samuel Akinfenwa Zaragozako diseinatzaileak berak ezin izan zuen saria jaso, baina grabaturiko eskertza bideo bat ikusi zuten bertaratutakoek.

Duintasuna elkarteko kideak oholtza gainera igotzeko unea iritsi zen ondoren. Eta eurekin batera udaleko talde politikoen ordezkariak agertu ziren eszenatokian; tartean Aizpea Otaegi Mitxelena alkatea. Bere hitzaldi laburraren ondoren Ereintzako dantzariek agurra dantzatu zuten. Jarraian, Duintasuna elkartearen ordezkari Alex Oiartzabalek eta Karmele Santosek hitza hartu zuten, Ereintzakoak berriro dantzan hasi baino lehen.

Ekitaldia bukatzeko Niessen auditorioan zeuden Duintasuna elkarteko kide guztiak oholtzara igo ziren familia argazkia ateratzeko, ekitaldia modu horretan itxiz.