Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren inguruko erakunde adierazpena

Berdintasuna 2019-11-25 | 0

ERRENTERIAKO UDALEKO ALDERDI POLITIKO GUZTIEK ADOSTUTAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, AZAROAREN 25ARI ERREFERENTZIA EGITEN DIONA

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA”

INDARKERIA MATXISTAREN BIKTIMEI ERREPARAZIORAKO TOKIKO EKINTZAK

Azaroaren 25a (Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) dela-eta, indarkeria mota honen egitura-izaera nabarmentzen dugu, eta gure konpromisoa agertu nahi dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko. Era berean, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean.

Biktimen erreparaziorako printzipioak berekin dakar biktimak eskubide-urraketa bizi aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzea. Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, xedetzat hartzen da biktimaren bizi-baldintzak funtsean hobetzea, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik berrezarrita. Era berean, ahalduntze-prozesua bultzatu behar da, indarkeria-egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten.

Zentzu horretan, Errenteriako Udaletik biktimei arreta eskaintzeko alorrean aitortuta dugun erantzukizuna eta eskumena gure gain hartzen dugu, gure herri eta hirietan indarkeria matxista jasaten duten emakumeengandik hurbilen gauden erakundea garelako. Politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuarekin, tokiko erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da erreparatzeko prozesuan, komunitateko bizitza berrezartzen laguntzeko eta biktimei erreparazio publiko eta soziala emateko, indarkeria matxistaren biktimen eta bertatik bizirik atera diren pertsonen inguru hurbilenean.

Bide horretan, Errenteriako Udalak bere egiten du gure herria indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, egiturazko jatorriaren eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, ordena sozial patriarkala ezinbestez aldatzeko eta, emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza eta emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko xedez.

Feminismoak erakutsi digu errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela: indarkeria, bere adiera guztietan, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak mantentzeko tresna nagusietako bat den heinean, ikusezin bihurtu da eta alderdi pertsonalei garrantzi handiegia ematen zaie, eta ikusarazi nahi digute indarkeriazko gertakariak arrazoi pertsonalen ondorio direla eta ez arrazoi sozialen ondorio. Ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori egitera, erakundeon ardura ere bada.

Era berean, Berdinsareako (Berdintasunaren aldeko eta emakumeekiko indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sarea) udaletako berdintasun-teknikarien lana oinarrizkoa eta balio handikoa da, udaletan ekintzarako orientazio eta irizpide komunak eskaintzeko. Hain zuzen, erreparazioari dagokionez, Indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko lanean ari dira, tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri eta zehaztu ahal izan dezaten, udal eskumenaren esparruan.

Errenteriako Udalean aurrez aipaturikoak betetzen jardun nahi dugu, eta, horren bidez, indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazten lagundu, konpromiso hauek gure eginaz:

  1. Errenteriako Udalak biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko konpromisoa hartzen du, euren beharrizan eta eskariei entzunez eta arreta emanez. Horretarako, Emakumeen etxea erreferentziazko gune gisa identifikatzen du.

  1. Errenteriako Udalak Emakumeen Mundu Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du, gai hauen salaketa eta gizarteratzean mugimendu feministari lidergotza aitortuz eta bidea eskutik egiten jarraituz.

  1. Errenteriako Udalak konpromisoa hartzen du alor honetan erantzukizuna dugun erakunde guztion arteko lankidetza-sare eta koordinazioa sustatzeko.

  1. Errenteriako Udalak talde feministekin eta tokiko emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan jarraitzeko konpromisoa bere egiten du, berdintasun-politikak eta ekintzak diseinatzeko, biktimei eta bizirik atera diren pertsonei arreta eta erreparazioa eskaintzeko. Lanketa honetarako erreferentziako gune gisa izendatzen du Errenteriako Berdintasun Kontseilua.

  1. Errenteriako Udala neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak sustatzen jarraitzeko konpromisoan berresten da, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko modu iraunkorrean: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab. Horretarako, Eskola feminista zein Emakumeen etxeko programazioa tresna garrantzitsu gisa identifikatzen ditu.

  1. Errenteriako Udalak herritar guztiei dei egiten die mugimendu feministak azaroaren 25ean arratsaldeko 19:00etan antolatu duen manifestazioan modu aktiboan parte har dezaten.

No comments yet.

Utzi erantzuna