Asuncion Susperregik 100 urte bete eta alkatearen bisita jaso du

Azaroaren 24an bete zituen 100 urte Errenteriako bizilagun den Asuncion Susperregik bere familia zabalak lagunduta, eta gaur astelehenean Aizpea Otaegi Mitxelena alkatearen bisita jaso du, oraindik orain seme-alabak, ilobak eta birbilobak lagun zituela.
Oiartzunen jaio zen Susperregi duela ehun urte, denbora honetan guztian hainbat tokitan bizi izan da, hurrenez hurren, Oiartzun, Errenteria, Bidebieta, Oiartzun berriro eta Errenteriara itzuli zen. Azkeneko 30 urteetan Zamalbideko Intsusa etxean bizi izan da. Egun bertan bizi da, “lau belaunaldi elkarrekin bizi gara” adierazi dute Susperregiren senideek.
Urtemugago ospakizunez galdetuta “oso ondo eta gustura” igaro zituela erantzun du Susperregik, bertan baitzeuden 18 iloba eta 20 birbilobetatik asko. Gaur, berriz, alkatearen bisita jaso du bere etxean, “urtemugako azken sorpresa” esan dute seme-alabek. Ohikoa den lore-sorta eman dio alkateak Susperregiri, eta honek atseginez hartu ditu loreen kolore biziak nabarmenduz.