‘Kontrasteak’ kontzertua eskainiko du Wave in Tempo taldeak bihar

Bihar, asteazkena, Wave in Tempo taldeak Kontrasteak kontzertua eskainiko du Errenteriako Magdalenaren Basilikan 19:00etan, Andra Mari Abesbatzak eta Maria Magdalenaren Lagunak Kultur Elkarteak antolatuta.

Interpreteen hitzetan “Proposamen hau musikaren espiriturik primarioenaren bilaketatik sortua da; hau da, herriek denboraren joanean garrantzia zuen guztia ospatzeko eta laguntzeko zuzenean sortzen zuten musikaren bilaketatik. Bilaketa horrek Italia, Frantzia, Ingalaterra eta Espainia bezalako lekuetara eraman gaitu; lan batzuk anonimoak dira, eta beste batzuek Vivaldi, Falconieri, Matteis, Purcell eta Lully bezalako egileenak.

Europa zaharreko herriak amalgama bat ziren, elkarren artean nahastu eta lotu zirenak, bata bestearengandik hain urrun dauden lekuetan amankomunak diren doinu eta erritmoek erakusten digutenez.“

Wave in Tempo 2018an sortu zen antzinako musikara hainbat soinu-prisma eta prisma estetikotatik hurbiltzeko asmoz, beste musika-horizonte batzuek bazterrera utzi gabe.

Oso talde malgua da tamainari eta instrumentazioari dagokionez, eta, bere kideen artean ditu antzinako musikan espezializatuta dauden estatuko musikari nabarmenetako batzuk.

Taldeak 2018an egin zuen debuta Madrilgo Erkidegoko Arte Sakratuaren Nazioarteko Jaialdian, eta ordutik darrai horizonte eta errepertorio berriak zabalduz.