Emakumeen Etxeko abendurako programazioa etxeko langileen egoerari buruzko hausnarketarekin hasiko da

SOS Arrazakeria Gipuzkoak, abenduaren 5ean, 18:00etan, Jone Urionaguenak 2019ko ekainean etxeko langileen egoerari buruz egin zuen ikerketa aurkeztuko du. Horrez gain, Chica Seria y responsable film laburra proiektatuko da; bertan, etxeko langileen taldeko sei kideren testigantzak eta esperientziak biltzen dira. Ondoren, protagonistetako batekin eztabaidatzeko aukera egongo da.

Gainera, hilabete honetan Guatemala eta Nikaraguako tokiko feminismo komunitarioa gertutik ezagutzeko aukera izango da.

Alde batetik, hilaren 10ean, 18:00etatik 20:00etara, Tokiko feminismo komunitarioa: Bizitzaren defendatzaileak izeneko hitzaldia antolatu da. Bertan, Lorena Cabnalen, Ixinen eta Alex Vasquezen arteko elkarrizketak entzungo dira.

Hiruak Iximulew-Guatemalako tokiko feminismo komunitarioaren antzinako sendatzaileen sareko kideak dira eta gorputzari buruz, defentsarako lehen lurralde gisa, eta osatzeko bide kosmiko politiko gisa gaiei buruz hitz egingo dute, besteak beste.

Bestetik, hilaren 20an, 18:30ean, Emakumeen Mundu Martxak Sandinoren biloben aurkako Errepresioa hitzaldia antolatu du. Nikaraguan dagoen gobernuaren errepresioa, bereziki feministen aurka, ezagutaraziko digute. Ekitaldia amaitzeko, Iximulew-Guatemalako tokiko feminismo komunitarioaren antzinako sendatzaileen sarekideek espazio politiko espirituala eskainiko dute.

Abenduaren 12an, arratsaldeko 18:30ean, Las Chirlas: misión insumisión antzerkia antolatu da. Ultramarino Payasok ekoiztutako clown ikuskizuna da emakumeek barre egin ahal izateko. Ondoren, solasaldi bat egongo da, Oihana Parada eta Esther Bizarro pailazoekin, clown munduan duten esperientzia ezagutu eta haien porrotez, arrakastaz eta barrez beteriko esperientziak ezagutuko ditugu.

Bestalde, abenduaren 17an, 18: 00etan, Feminismoa %99. Manifestu bat. liburua aurkeztuko dute. Liburuaren inguruan hitz egiteaz Danele Sarriugarte itzultzailea eta Maider Galardi kazetaria arduratuko dira.

Manifestu honek aldarrikatzen duen ezkerreko feminismoak egungo eredu neoliberalari oposizio bateratua eginen dio; emakumeen gehiengoaren egoerak eta premiak erdigunean jarriko ditu, eta gorabehera politiko, ekologiko, sozial, ekonomiko eta erreproduktiboak aintzat hartuko.

Emakumeen Etxeak ateak irekita ditu, astelehen eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara, Txirrita Parkean, zk.g.

943-44-96-30

emakumeenetxea@errenteria.eus