Errenteriako zerbitzuen adinekoentzako gida aurkeztu dute

Ezkerretik eskuinera: Javier Elberdin, Duintasuna; Eñaut Gracia, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia; Joxe Mari Uria, Duintasuna.

Jubilatu eta pentsiodunen mugimenduak eta Errenteriako Udalak adinekoentzako interesgarriak diren hainbat zerbitzu eta informazio jasotzen dituen gida aurkeztu dute.

Aurkezpenean honako hauek parte hartu dute: Eñaut Graciak, Gizarte Zerbitzuetako azpisailaren zinegotziak, eta Duintasuna elkarteko Javier Elberdin eta Joxe Mari Uriak.

Graciak azaldu du duela hilabete batzuk Duintasuna pentsiodun eta jubilatuen elkarteak Udalari proposatu ziola, beste herri batzuk egindakoaren bidetik, adinekoentzat interesgarriak izan zitezkeen zerbitzu eta baliabideen inguruko gida egin zezan.

Udalak propioak diren hainbat zerbitzu eskaini eta tramitatzen ditu. Era berean, bere konpetentzia ez diren eta beste erakunde batzuk ematen dituzten zerbitzuak ere tramitatzen ditu, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundikoak.

Informazio hau euskarri eta formatu ezberdinetan jasota egoten da. Baina, normalean, sailaren arabera sailkatzen da informazioa eta, ondorioz, ez da erraza izaten adineko pertsonentzako zerbitzu zein laguntzen ikuspegi globala edo ideia orokor argia izatea.

Hori horrela, helduentzako dagoen informazioa eskuragarri jartzearen garrantziaz jabetuta eta kontuan hartuta herrian bizi diren herritarren ia %25ak 65 edo 65 baina urte gehiago dituela, gida hau egitea erabaki du Udalak. “Dauden zerbitzuen berri ematen nahi dugu, baina adinekoek haien eskubideak ezagutzea da helburu nagusia, eta hau publizitate aktibo ariketa bat da. Izan ere, ikusi dugu Gizarte Zerbitzuetara ez bazara joaten, ez dituzula dauden zerbitzu zein laguntzak ezagutzen. Zentzu horretan interpelatuak sentitu ginen”, azpimarratu du zinegotziak.

Besteak beste ariketa fisikoa, kultura, gizarte zerbitzuak eta telefono interesgarriak barne hartzen dituen lehenengo edizioa

Honako hau lehengo edizioa da eta gida Errenteriako adinekoen elkarteetan banatuko da, haren irismena zabalagoa izan dadin. Gainera, Udaletxean bertan ere eskura daiteke, edo Udalaren web orrian deskargatu.

Gidak 5 atal ditu:

1- Ariketa fisikoa, kultura eta heziketa. Atal honetan ibilaldiekin, kirolarekin, abonu bereziekin, euskara-eskolekin, zinemarekin eta abarrekin lotura duten programak jasotzen dira.

2- Gizarte zerbitzuak. Atal hau hiru azpiataletan dago banatuta: lehenengoak gizarte zerbitzuekin, orokorrean, du zerikusia, eta hala nola balorazioa, telelaguntza edo Eguneko Arreta Zerbitzua jorratzen ditu; bigarren azpiatala mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako zerbitzuen ingurukoa da; eta, hirugarrena, dirulaguntzei buruzkoa.

3- Udalaren beste hainbat zerbitzu. Bertan jasotzen dira, modu laburrean, Udalak edo Udalarekin batera kudeatutako hainbat zerbitzu zein instalazio, adineko pertsonentzako interesgarriak izan daitezkeenak.

4- Beste zenbait baliabide eta elkarte interesgarri.

5- Telefono interesgarriak. Atal honetan jasotzen dira pertsona helduentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat telefono, adibidez: Udaleko hainbat zerbitzurenak, erretiratuen elkarteenak edo osasun zentroenak.

Informazioa herritarrei hurbiltzeko eskaera

Joxe Mari Uria Duintasuna elkarteko kideak azaldu duenez, denbora zeramaten Udalari horrelako dokumentu bat eskatzen, batetik, herritarrek informazioa eskuratzeko aukera izan dezaten, eta, bestetik, erakundeen gardentasunaren garrantzian sinesten dutelako.

Javier Elberdinek, Duintasuna elkartekoa baita ere, gaineratu du gidaren helburua eskubideen dokumentu bat egitea zela, eta ez karitatearena. Izan ere, azaldu duenez, “jendeak, adinekoek ez ezik, iksten dugu jendeak Gizarte Zerbitzuetara edozein laguntza eskatzera joateko errezeloa duela, eta eskubide horiek ezagutaraztea nahi genuen. Horrela, administrazioa herritarrengana hurbiltzen da “.

Adinekoentzako gida deskargatu.