Santa Ageda koplak kantatuko ditu Ereintzak asteartean

Aspaldiko ohiturei jarraiki, urtero bezala, Santa Ageda eguneko bezperan Ereintzako abestalde herrikoiak ohiko koplak kantatuko ditu herriko kale, plaza eta tabernetan zehar.

Aurten Lekuona Kultur ekipamenduari eta herriaren 7. mendeurrenari eskainitako koplaz gain, Xabier Obeso herritarrari, berariaz eta esker onez, prestatutako bertsoak kantatuko dituzte.

Honako toki eta ordutan egingo dituzte saioak:

Arratsaldeko 18:50ean, Foru Plazan, Xenpelarri eskainitako eskulturaren aurrean, Bertso Eskolako taldearekin batera Lekuona Kultur Etxeari kantatuko diote.

Jarraian Lekuzarrera joko dute 19:05ean. Mikelazulon izango den ekitaldian, Xabier Obeso margolari herritarra omentzeari ekingo diote 19:25ean.

Erdiko Kalea zeharkatu eta gero, Xiberon egingo dute hurrengo kantaldia 19:40ean.

Jarraian, ohikoa den sarreratxoa egingo dute Donosti sagardotegian 20:00tan.
Zumardia zeharkatu ondoren, Irrintzi tabernan 20:20an dute hitzordua jarria.
Azkenik, ekitaldiari amaiera emanaz, 20:45ean, Kontzejupean bilduko dira bi abestaldeak. Bertako koplen gaia aurten Errenteriak ospatuko duen 7. mendeurrenarena izango da.Aurtengo saioan, Ereintzako txistulariekin eta Doike taldeko soinujoleekin batera, zuzendari lanetan Xabier Vesga arituko da. Koplari gisa Amaia Agirre bertsolaria.

Aurtengo berariazko bertsoak Mikel Ugaldek, Julian Albisturrek eta Sabin Irastorzak prestatu dituzte.

Taldea guztiz irekia da eta nahi duen guztiak parte har dezake, beti ere, baserritar jantzia soinean duelarik.