Irailaren 14an zabalduko da Xenpelar Tailerretan izena emateko epea

Xenpelar Tailerretako matrikula epea zabalik izango da irailaren 14tik 25era. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da matrikula egiteko 943 079992 telefono zenbakira deituta irailaren 7tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 19:00etara.

Hitzordua eskatzerakoan interesdunek adierazi beharko dute matrikula modu presentzialean, Niessen Kulturgunean, edo telefonoz egin nahi duten. Kasu bietan, hitzordua eskatzea ezinbestekoa da.

COVID19ari lotutako segurtasun neurriak betetzeko, ikastaroetan ikasle kopurua mugatu egingo da. Gainera, matrikula aukerak malgutu egingo dira: tailer batzuetan astean egun bakarreko edo bi eguneko modalitatea hautatu ahal izango da.

2020/2021 ikasturterako ere tailer eskaintza zabala prestatu du udalak:

Helduentzako tailerrak

Zeramika: Eskulturen modelaketa, murala, mosaikoa edo azulejuen dekorazioa egiten ikasteko tailerra. Materia hiruhilekotan banatu da, teoria-praktika egun bati eskainiz eta proiektu pertsonalen praktika eta garapena beste batean.

Zaharberritzea: Parte-hartzaileek altzarien apainketa “vintage” erara, tapizeriaren hastapenak eta altzari zaharren zaharberritzea landuko dituzte.

Argazkigintza digitala (+13 urte): Kamera erabiltzen ikasteaz gain, argazkilaritzari lotutako Photoshop, Hofmann eta Pinchale Studio programen nondik norakoak ezagutzeko ikastaroa.

Pintura: Nondik eta nola ekin margolan bati? Marrazketa teknikak hobetzeko eta materialak ezagutzeko tailerra. Materia hiruhilekotan banatu da, teoria-praktika egun bati eskainiz eta proiektu pertsonalen praktika eta garapena beste batean.

Patchwork: Ikasleek koloreak josiz sormena lantzeko aukera izango dute eta esperientziarik gabe ere, lan ikusgarriak egitekoa. Aurten, urritik martxora garatuko da tailer hau.

Egur tailla: Egurra lantzeko beharrezkoak diren ezagutza guztiak: tresnak, zorroztea, marrazkiak, tindatzea. Altzari tradizionalen diseinua eta heraldika ere landuko dira.

Haur eta gazteentzako tailerrak

Arte plastikoak (7-12 urte): Marrazkiak, karetak, buztinezko figurak, buruhaundiak edo txotxongiloak egingo dira ikastaroan zehar.

Ezinbestekoa da matrikula gauzatzeko, izen-emate orriarekin batera deskontuen ziurtagiriak aurkeztea. Honekin batera, banku-helbideraketa izango da ordainketa modu bakarra. 2019-2020 ikasturtean helbideraketa hautatakoek ordainketa modu bezala, ez dute kontu korrontearen titulartasun ziurtagiria aurkeztu beharko. Gainontzekoek bai.

Matrikula telefonikoki egiten duenak ondoren izen-emate orria eta gainontzeko dokumentazioa xenpelartailerrak@errenteria.eus helbidera bidali beharko ditu. Niessen Kulturguneko harreran entregatu ahal izango da, baina emailez bidaltzea lehenestea eskatzen da.

Ikasturtea urriaren 5ean hasiko dela aurreikusten da.

Informazio gehiago:

KULTURA KREAKTIBOA
Niessen Kulturgunea. Alfonso XI, z/g. Errenteria. 943449634
Astelehena-ostiralera, 10:00-13:00 / 17:00-20:00

WEBGUNEA

Xenpelar Tailerrak

Xenpelar Tailerrak_2020-2021 eskuorria