Bolivian koronabirusaren pandemiari aurre egiteko eta Moriako sutearen ondoren errefuxiatuek otorduak izan ditzaten dirulaguntza eman du Errenteriako Udalak

Errenteriako Udalak, nazioarteko lankidetzaren arloan larrialdi humanitarioko egoerak laguntzeko duen aurrekontuaren baitan, bi laguntza eman ditu: bata, Boliviako Amazonian lanean diharduen Taupadak elkarteari, COVID-19 birusaren pandemia dela-eta; bestea, Zaporeak elkartearen bidez, hain zuzen ere, Moriako errefuxiatuen gunean gertatutako sutearen ondorioz etxerik gabe geratu direnei ohikoa den baino 2.000 otordu gehiago eskaintzeko. Hain juxtu, elkarte bakoitzari 3.000€ bideratu dizkio.

Boliviako San Ignacio de Moxos udalerriko osasun sistemaren prekarietateari eta ahultasunari aurre egiteko honakoa erosiko da: koronabirusa duten gaixoen tratamendurako ezinbesteko ekipamendu medikoa, bio-segurtasuneko materiala, proba azkarrak, hisopoak dituzten garraiobide biralak, beste hiri batzuetako laborategietara bidaltzen diren testak eta gaixotasun honi aurre egiteko erabiltzen diren medikamentuak. Hori Udal gobernuarekin lankidetzan izango da.

Aldiz, Greziako Moriako kanpamendura bideratutakoa egunean guztira 4.000 otordu prestatzeko izango da, hain juxtu, elikagai eta garraio gastuak estaltzeko. Kale egoeran aurkitzen dira egun errefuxiatuak euren etxeek su hartu ostean. Hortaz, jaten duten otordua elikagaien aldetik, sendoa izatea garrantzitsua dela adierazi dute uhartean bertan dauden boluntariok.