Errenteriako ibaietan botatako tona bat hondakin jaso eta garbitu dira 2020an

Errenteriako Udalaren eta Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen elkarlanari esker, ekainean eta irailean bost eguneko garbiketa kanpaina bana egin du brigada batek Oiartzun ibaiaren ibilguan eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken erretenetan. Naturgune horietatik 1.000 kilo hondakin inguru bildu dira, horietatik plastikoa ugari azalduz. Horrela, 2016an abiaturiko ekimen publikoari jarraipena ematen zaio.

Oiartzun Ibaiari dagokionean, Oiartzungo muga eta Santa Klara plazaren arteko zatia garbitu da, Lintziringo erretena Lartzabalgo auzotik hasita Oiartzungo mugaraino hartzen duen zatia barne, Fanderiako kanala ahaztu gabe.

Landa eremuan Tolarieta, Masti eta Epentza ibilguak ere garbitu dira. Honakoak dira garbitutako zatiak: Tolarieta baserritik Masti-Loidi industrialdea bitarte, lehenik, Loidi baserritik Pontika auzora, bigarrenik, eta Perurenatik Txikierdira, hirugarrenik.

Bestalde, pasa den urriaren 18an, Mater itsasontzi museoak Oiartzun ibaiaren beste garbiketa bat antolatu zuen, Fanderiako ibilgu eta ibai bazterretatik 50 kg jasoz. Plastifish Kostera izeneko kanpainaren baitan egin zen, ibaian gora aurkitzen diren eragileak arazoan esku hartzera inplikatuz eta plastiko inbasio honen hedapenaren prebentzioa zein sentsibilizazioa sustatuz. Izan ere, itsas hondakinen %80a lehorretik dator.

Garbiketa kanpaina honek hiritarrak hondakinen kudeaketak daukan garrantziaz eta geure jokaeraren ardura kolektibo nahiz indibidualaz sentsibilizatzea du helburu. Hondakinak jatorrian murriztu eta birziklatzeko egoki bereizten ez baditugu, geure ibaietan agertuko dira, hauek kaltetuz eta kutsatuz, eta, azkenik, hondakinak Kantauri itsasoraino ere iristen jarraituko dute.

Hondakin horiek desegiten diren neurrian, ekosistemetarako eta flora zein fauna basatietarako kaltegarriak diren konposatu kimikoak askatzen dituzte, ibilguetan eta ur-sistemen hondoetan eragiten duten kutsadura-fokuak sortuz. Plastikoaren kasuan, hegazti nahiz arrainek hartan biltzeko edota horiek irensteko aukera dute, fauna desagerrarazteko arriskugarri izanik.