Udalak udalerriko pobrezia energetikoa ezagutzeko ikerketa burutu du

Raquel Sanz, SIIS fundazioko soziologoa, eta Jose Manuel Ferradas, Ingurumen zinegotzia

Pobrezia energetikoa geroz eta gehiagotan entzuten den kontzeptua da eta, berau ulertzeko, ikuspegi multidimentsionala garrantzitsua da. Izan ere, energiaren kostua, biztanleen errenta maila eta etxebizitzaren efizientzia energetikoaz gain, biztanleen osasuna eta ongizatea, zein klima-aldaketa bezalako arloekin lotura zuzena baitu.

Gipuzkoa mailan egindako azken neurketak islatzen du populazioaren %18,2ak (63.600 pertsona inguru) pobrezia energetikoaren erakusle litekeen egoeraren bat pairatu duela. Ez hori bakarrik. Azterketa berdinak, batetik, pobrezia energetikoren arazoa egiturakoa dela azpimarratzen du eta, bestetik, talde sozial jakin batzuk berau pairatzeko arrisku handiagoa dutela nabarmentzen du.

Azken hauen artean, ondorengo ezaugarriren bat aurkezten duten etxebizitzak gailenduko lirateke: alokairu erregimenekoak, kide bakarrekoak, etxean bizi dena langabezia egoeran aurkitzea edota atzerriko nazionalitatea edukitzea.

Errenteriako Udalak pobreziaren aurkako estrategia globalaren garapenean aurrera egitea ahalbidetu nahi du, desio duen hiri bateratu eta integratzailearen eraikuntzan beste urrats bat emanez. Hori dela-eta, 2020an, ‘Pobrezia energetikoaren intzidentzia Errenterian’ izeneko azterketa egin du Udalak.

Pobrezia energetikoaren azterketa honetarako lau adierazle hartu dira kontuan:

• Etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko ezintasuna: Hilabete hotzetan etxebizitza tenperatura egoki batean mantendu ezin dutela adierazten duten etxebizitzetako kideak.

• Atzerapenak fakturen ordainketan: Zailtasun ekonomikoak direla eta, oinarrizko zerbitzuen fakturen ordainketan atzerapenak izan dituztela adierazten duten etxebizitzetako kideak.

• Energia gastuei aurre egiteko ahalegin ekonomiko handia: Errentarekiko guztizko energia gastuaren zenbatekoak, erreferentziazko populazioaren gastu erlatiboaren medianaren bikoitza gainditzen duenean.

• Ezohiko energia gastu baxua: Energia gastuaren zenbatekoa, erreferentziazko populazioaren energia gastuaren bataz bestekoaren erdia baino apalagoa denean.

Azterketak ondorioztatu du etxebizitza tenperatura egokian mantentzeko ezintasuna nabarmenagoa dela Kaputxinoetan eta Erdiguneko etxeetan. Aldiz, energia gastuei aurre egiteko ahalegin ekonomiko handiena Iztieta eta Erdiguneko etxeetan ematen da. Hain zuzen ere, Iztietako eremu zehatzetan, pobrezia energetiko maila altuak antzeman diren guneetan, 75 urtetik gorako populazioa %25 eta %23,2koa da, udalerriko bataz besteko %11 aise gaindituz.

Genero ikuspegitik, pentsio xumeekin eta bakarrik bizi diren adineko emakumeek konposatutako etxebizitzen ugaritasunari begira, esan liteke errealitate honek emakumeei eragingo liekeela batik bat. Bestetik, aurrekoa bezain agerikoa ez den arren, alokairu egoeran, kide bakarreko etxebizitzek pobrezia energetikoa pairatzeko arrisku handiagoa luketela iritzi liteke. Izan ere, alokairu kostuek etxebizitzaren aurrekontuen zati esanguratsu bat suposatzen duten kasuetan, energia beharrak eta oinarrizko beste behar batzuk aldi berean asebetetzeko ezintasuna eman daiteke, pobrezia energetiko egoerak azaleratuko litezkeelarik.

Azterketa honen ondorioek argi erakusten dute pobrezia energetikoa murrizteko neurriak ezartzen joan beharra dagoela. Ildo horretan, aipatu, Oarsoaldea Garapen Agentziak eskualdeko Energia Bulegoa martxan jarri duela. Bulego honetan landuko diren bi ardatz nagusiak, pobrezia eta eraginkortasun energetikoa izango dira.

Energia-bulegoaren bidez herritarrei energiaren inguruko zalantzak argitzeko zerbitzua emango da, besteak beste: fakturak ulertzeko eta energia aurrezteko aholkuak, kontratazioa, eraginkortasun neurriak, energia berriztagarrien aukerak, dirulaguntzak eta abar.

Energia bulegoak, oraingoz, formatu digitala izango du eta www.oarsoenergia.eus webgunean izango da ikusgai. Aholkularitza pertsonalizatua edo bestelako zerbitzuak jaso ahal izateko, energia@oarsoaldea.eus helbidera idatzi edo 943 34 41 60 telefono zenbakira deitu daiteke, 09:00etatik 14:00etara.