Errenteriako Mendi-ibilbideak ezagutzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei jende-pilaketarik gabeko aisialdi eta jarduera fisikorako

Egun, COVID-19 gaitzaren izurritea dela eta, joan-etorriak eta jendarte harremanak ahal den gehiena mugatzea aholkatzen denez, bertako natura eta ondare naturala ezagutzeko aukera paregabea dela adierazi du Udalak, jarduera fisikoak osasun fisiko eta psikologikoan dituen onurak gogoratu nahian. Etxetik hurbil dauden Aiako Harriko Parke Natural eta Kontserbazio Bereziko Eremua (Natura 2000 Sarea), Añarbeko Baso-Erreserba, Lau Haizeta Parkea, Oiartzun ibaiko ibilbide osasungarriak eta beste hamaika txoko, ibiltzeko eta arnasa hartzeko baliatu ditzaketela gogorarazi nahi die Udalak herritarrei.

Gainera, pertsonen egoera fisikoaren arabera, aukera ezberdinak eskaintzen dituzten homologatutako bederatzi ibilbide daude Errenteriako bidezidorren sarean, Oiartzun ibaiko hiru ibilbide osasungarriez gain:

  1. PR-GI 1001 Ugaldetxoko basoak
  2. PR-GI 1003 Urdaburu itzulia
  3. PR-GI 1004 Aldurari itzulia
  4. PR-GI 1005 Errenteriatik Aiako Harrira
  5. SL-GI 3 Sanmarko
  6. SL-GI 4 Txoritokieta
  7. SL-GI 1003 Arbasoen aztarnak
  8. GR-121 Gipuzkoako Bira
  9. Donejakue Bidea (barrukoa)

Ibilbide bakoitzaren nondik norakoak Errenteriako Udaleko ingurumeneko web gunean topatu daitezke, Erabilera publikoa eta senderismoa atalean.

Aiako Harriko Parke Naturalean txakurrek lotuta joan behar dute eta mendiko txirrindak soilik baso pistetan ibili daitezke, bidezidorretan mendizaleek erabateko lehentasuna izanik.

Bestelako mendi eremuetan, Udalak gogoratzen du hegazti eta ugaztun espezie askoren ugalketa garaia hasiko dela laster eta, horregatik, etxeko animaliak lotuta eramatea gomendatzen da, basa-faunaren kabiak edo errunaldiak ez galtzearren.

Azkenik, zirkulazio askatasuna gogoratzen da ondokoetan: Udal Herribideen Sarean eta Udal Mendi Ibilbideen Sarean. Eta beti ere baserri eta nekazal ustiategien sarbide eta jabetzak errespetatuz.