Hezkuntza ibilbide osoa sare publikoan egitera animatu ditu herritarrak Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak

Atzo hasi zen haur eskoletan eta Batxilergoan aurrematrikula egiteko epea, hau da, hezkuntza ibilbideko hasierako eta amaierako etapetan izena emateko epea, eta ibilbide hori hezkuntza sare publikoan egitera animatu nahi ditu herritarrak Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak.

Oarsoaldeko haur eskola publikoetan apirilaren 12tik 21era bitarte egin ahal izango da aurrematrikula, eskoletan bertan edo online.

Eta haurren ibilbidearen hasiera bezain garrantzitsua da horren amaiera, Batxilergoko urteak. Oarsoaldeko kasuan, Koldo Mitxelena Bigarren Hezkuntzako Ikastetxean eskualde osoko ikasleak biltzen dira. Bertan, behar duten formakuntza jasotzeaz gain, ikasleek etorkizunari aurre egiteko laguntza eta orientazioa jasotzen dituzte, eta erabakiak hartzeko autonomia garatzen dute.

Batxilergoan aurrematrikula egiteko epea apirilaren 12tik 23ra egongo da irekita, eta jarraibide guztiak ikastetxearen webgunean kontsulta daitezke. Ikastetxea ezagutzeko ate irekien jardunaldiak ere egingo dituzte, apirilaren 14an eta 15ean. Horretarako, aldez aurretik hitzordua hartu behar da, esteka honetan: https://n9.cl/rqnew (pasahitza: 2021-2022).

Plataformak adierazi du ikastetxe publikoek asko dutela eskaintzeko: herri eta auzoetako ikastetxeak dira, hurbilekoak, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta baina munduari irekita eta desberdinen arteko elkarbizitzan oinarrituta lan egiten dutenak, gaur egungo gizartearen beharrei erantzunez. “Gure herrietako kohesiorako ezinbesteko haziak dira gure ikastetxeak. Metodologia berritzaileak erabiliz eta ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean jarrita, errealitatearen aniztasunari erantzuten diote, inor atzean ez uzteko. Hezkuntza komunitate aberatsak dituzte, ikasle, irakasle, langile eta familiek osatuak, eta guztien parte hartzea bermatuta dago, hainbat organoren bitartez”.